Loiolako Erribera makularik gabe jaio da, ezerezetik altxa dute. Auzo berria da, jende gaztea bizi da gehienbat. Han zer zen aurretik, ez nuke jakingo esaten, ikusi banuen ahaztu zait, aurrezki kutxak ireki zituzten lehenik, okindegiak gero, fruta denda, tabernak. Errepidea, aparkalekuak, espaloia, dena da berria, zenbat urte izango ditu ba? Azkena aldatutako zuhaitz landareak, gazteak daude oraindik, babestuta daude, zuzen etor daitezen.
Auzoaren ertz batean, eliza zuri bat eraiki zuten. Garai batean, elizaren boterea eraikinaren altuerak erakusten zuen, gaur ez, gaur ez da altuena, ez du bere boterea erakutsi nahi, eta hortxe dago bere boterea, jarraitzen du erritual burgesetan oso presente egoten, deseginez hedatu da; gaur zuria da auzo berriaren eliza berria, ezerezetik sortua, makularik gabea, bakearen koloreko.
Elizaren atzean dago Oroimenaren Lorategia. «Paseatzeko, atseden hartzeko eta barnebilkuntzarako tokiak edukitzeaz gain, lore zuriz gainezka egongo da urte osoan zehar, kolore horrek bakea irudikatzen baitu eta horrela, bakearen hizkuntza unibertsala erabiliz, gerraren, indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiek denon oroipenean bizirik iraungo dute». Amen.
Jira
Oroipena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu