Maialen Akizu.

Otso

2024ko apirilaren 23a
05:00
Entzun

Gelditzeko esan dit. Gauza gehiegirekin nabilela, gorputzari entzuteko, ezin dela «denarekin». Hori esan dit, larunbatean barruko otsoak ihes egin zidala kontatu diodanean. Marruka hasi nintzen, hasi zen otsoa, eta ateari eman nion danbatekoarekin dar-dar egin zuten etxeko paretek. Bueno, etxeko paretek ez. Ez flipatu. Baina dar-dar egin zuen zerbaitek. Nik baietz esaten diot eta benetan saiatzen naiz neure burua konbentzitzen, baina gero ez dut sekula jakiten zenbat den gehiegi, zer den dena. Su baxuari egiten diot gorazarre eta mikrouhinari eman eskerrak. Tarteka amesten dut eguna paseoan, egonean, txoriak entzuten pasatzearekin, baina ez dakit horrek ere on egingo lidakeen. Abiadurak narama. Erabaki hobeak hartzen ditut hamar minutuan, hamar egunean baino. Bai, badakit bizimodu frenetikoaren adibide naizela, eta ez beste ezeren eredu. Esan diezazukedan bakarra da, konbentzimendu osoz, oraindik, beste ezertan baino hobea naizela maitatzen, eta goxatzen, gotortzen, besarkatzerakoan ere, otsotu egiten naizela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.