Esango didate sartzeko neure kontuetan, dedikatzeko poesiara, egiteko neure ezinaren neurriko kaiola bat eta errenditzeko bertan, baina ezin dut. Ez naiz Paul Eluard, ez naiz poeta, baina edozeinek beretzat eta denok geuretzat hartzeko modukoak iruditzen zaizkit hitzok: Garaia heldu da, poeta orok du eskubidea eta betebeharra beste pertsonen bizitzetan —bizitza komunean— sakonki hondoratzeko.
Zer da ordea beste pertsonen bizitzetan sakonki hondoratzea? Zu besteak zarela konturatzea. Arazoak kolektiboak direla, konponbideak bezalaxe. Berdintasuna ez dela helburua, abiapuntua baizik. Eta sartu egin behar duzula bizitza komunean.
Egin ezean, kapitala baino ez da sartzen gure bizitzetan, lege zaharra eta ordena, Maggie, Burdinazko Dama, behin 26 urte beteta autobusean dabilenak bizitzan porrot egin duela esaten, norbere gain uzten porrotaren zama, norbere gain zorionaren lana. Erosi ezazu bizimodu bat. Ez soilik eskuineko eta atzerakoienen, ezkerreko uste genituen egunkarien igandetako gehigarriak zer dira ba, bizitza modernoa eta betea lortzeko beharrezko produktuen katalogoak baino? Erosi bizimodu bat. Heriotza baino ez dizugu emango debalde.

Jira
Poetak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu