oihana arana

Sofa

2025eko azaroaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sofa bat oparitu digute. Bi pertsona elkar ukitu gabe etzateko moduko sofa handi horietako bat; erosoa da, gainera. Atzo ekarri genuen etxera. Txorakeria ematen du, baina asko aldatuko du honek gure egunerokoa. Beste modu batera gertatzen da bizitza sofarik gabeko etxeetan.

Sukaldeetan gertatzen da ia dena; etxetiarrak berandura arte egoten dira mahaiaren bueltan berbetan, janari usaina izaten dute kontakizunek, jolasek, pijamek... Logelak dira deskantsuarekin lotutako gune bakarrak; ez dago siesta egiteko leku komunik; pisukideen ohe barruetan ikusten dira telesailak; norbere ohean egiten dute lo mota guztietako gonbidatuek.

Interesgarria da etxe hitza erabiltzen dugunean, gure bizilekuaren materialtasunari buruz ez ezik, gauzen eta norbanakoen artean sortzen diren harremanei buruz ere ari garela pentsatzea.

Sofa berri honek bestelako plan batzuk egiteko aukera emango digu. Baina ez da hori ilusioa egiten didana. Sofa bat edukitzeak zaurgarritasuna norbere ohetik ateratzeko posibilitatea ematen du. Jendaurrean lo, gaixo, negarrez, nekatuta... egon ahal izateak aldatu egiten du ahultasunarekin dugun harremana; eta beharrezkoa da publikoki ahul agertzeko espazioak edukitzea.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.