Angel Erro.
JIRA

Taberna bat

2023ko apirilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Orain ez asko taberna bat ireki dute auzoan. Ezin esan taberna berria denik. Aspaldian itxitako bat berrireki dute, izena ere aldatu gabe. Lehenago, aspaldian itxitako haren aurrean pasatzen nintzenean neure buruari esaten nion pena zela aurreko jabea jubilatutakoan inork lekukoa hartu ez izana. Zauri ireki bat zen auzoaren azalean. Azal sozialean ere.

Oraindik ez naiz sartu. Eta ez dakit oso ongi zergatik. Nire erreparoa ez dator ostalaritzaren nagusigo inbasiboagatik, esan bezala, tokia betidanik izan baita taberna, eta ez dagoeneko nekez aurkitzen den zapataginarena edo mertzeria. Agian zerikusia izanen du gehienetan hutsik, edo ondokoak baino hutsago, egoteak. Ohiturakumeak gara denok, iruindarrok bereziki. Ohiturak betiko tokietara joatea esan nahi du, edo modu jakin batera, Iruñeko taberna berri guztiak estetikoki berdintzen dituen interiorismo estudio jakin bat edo biren modura, zaharberritutako toki berrietara kuxkuxeatzera (eta bertan agertzen lehenak izan garela esan ahal izatera gero) sartzea.

Ematen du barraren atzeko zerbitzari latindarrak gutxiago asaldatzen gaituela soldatapeko langilea denean, agian (hemengo?) enpresa anonimo batekoa, eta ez enprendedore apala. Gaur sartuko ahal naiz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.