Zuk bai, zuk ez, epaimahaia daukazu zain, egunero, leku guztietan, zu aurrera, zu ez, ez daukazu talenturik. Hiztegi adina definizio dago talentuarentzat, adierak ere bat baino gehiago, dohaina dela, potentziala dela, baina guztietan agertzen da inteligentziarekin lotuta, azkarra izatearekin. Azkarra izatea, berriz, moldatzen jakitea da, errepikatu beharrekoa ikasi eta errepikatzen, arauak ezagutu eta errespetatzen, harremanak egiten ona izatea, afektuen kudeaketa egokia eramatea, kontabilitatea bailitzan. Batzuk inkontzienteki egiten dute, azkarrenak kontziente dira eta estrategiak antolatzen dituzte, gerraren antzea da; beste batzuk ez dira gai, ahulak dira, makalak, porlana prestatzen dakite, oholak josten, baina ez dakite hitz egiten, ez dakite euren burua saltzen. Eguneroko irribarre, agur zuri, esker on faltsu eta hitz hutsalen biolentzia ezin dute jasan, baina batez ere, jasan ezin dutena eurak ere joko horretan sartu beharra da, gora egiteko albokoa zapaldu beharra. Talentua behar da horretarako.
Talentu handiko gazteak gonbidatuko dituzte, onetan onenak, berrikuntzaren arloan jardun dezaten lanean, Donostian irekiko duten Talent House etxera.
Izena ematekotan nago.
Jira
Talentua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu