Ikuskizun deigarria da. Historiaren ahutzak irekitzen ikusi ditugu Boris Johnson irensteko prest. Luze jo du orain artekoak (izan ere, Daily Recordek atzo aspaldiko hitz joko onena eraman zuten goiburura: Never Ending Tory), baina, behin abiatuta, prozesu azkarra izaten da. Boris Johnsonen oraingo egiteko bakarra ahaztua izatea da.
Lehenago, guztiz ahaztua izan aurretik, bertako telebistaren batean telesail bat inspiratuko du (britainiarrek errekreazio historikoetarako duten esku ona baliatuta). Nekez izanen da telesail epikoa, jaun honen agintaldipean oso kontu serioak gertatu arren (brexit-a, COVIDaren kudeaketa darwinista, party-en eskandaluak...), ez bada bertan Elizabeth II.a ere ateratzen eta fokua lapurtzen ez badio, Johnsonek bufoi kontrapuntua emanda («Alas poor Yorick!»). Goraka doan ikus-entzunezko tradizio batek erregina britainiar politikaren ardatz isil moduan irudikatzen du, lehen ministroekin dituen protokolozko bileretan laburtuta.
Dena den, The Crown-en baino errazagoa du The Office-ko beste remake batean. Orain hamabi urteko zutabe batean Johnsonek berak The Office aipatu zuen, «atal umiliagarri hura, zeinetan David Brentek, Gordon Brownek bezala, ez duen ikusi nahi kanporatu dutela».