Asteburuan lagun batzuen etxe berrian egon naiz, eraikitzen ari den Lezkairu auzoko Juan Pablo II.aren etorbidean. Balkoitik etxe-sail urriak, garabiak, kaleen diseinua, parke dagoeneko inauguratu bat, baina batez ere orube karratu eta belar gaiztoz josiak. Orube bakoitzean zer dagoen proiektatua azaldu digu anfitrioiak. Kaleaz bestaldean, «erlijiozko kultura» xedaturiko lur saila. Oraindik, baina, erabakitzeko omen dago erlijiozko zer kultutara xedatuko den. Gure lagunak, etorbidearen izena aintzat harturik, tenplu katoliko bat izanen dela uste (eta ez du esan, baina nahiago) du.
Hortik ez oso urruti, laurehun bat metrora, gure amatxi bizi zen etxe parean, etxabe batean, meskita bat badago. Haiei esleitzeak ere logika edukiko luke. Neure burua aztertu dut, besteak aspertu arte, hor musulmanak zergatik nahiago ditudan argitu nahian.
Batek esan du badagoela kultur anitzeko tenplu bati esleitzeko aukera, hots, sinbolorik gabeko eraikina, egunaren arabera batzuek edo besteek erabiltzekoa. Aukera hori egonik, ez da ulertzekoa bestela izaterik. Nahiz eta funtsezko galdera den zergatik lur sail oso bat eskaini behar zaion tenplu bati, oraindik ere mezatara doazenen kopuru txikia urritzen ari denean.

Jira
Tenplua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu