Jira

Testu iruzkina

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bat bitan banatzen da, eta dena antolatzen dugu aurkakotasunaren arabera, egitura guztiak bitasunaren egitura errepikatzen du. Eta muineraino sartuta daukagu banaketa: gorputza eta arima, burua eta bihotza, gizona eta emakumea, gaua eta eguna. Luza beza norberak nahi adina zerrenda.

Eta ematen du banaketa horretatik kanpora ez dagoela ezer, ez dagoela mundurik bitasunetik at, denak izan behar duela ona ala txarra, polita ala zatarra, langilea ala alferra, abila ala baldarra. Eta eskolan testu iruzkinak egiten erakutsi zizuten, eta eremu semantikoak bereizten: ona, polita, langilea, bertakoa, zuria, zentroa.

Zentroak periferia behar du, zuriak beltza behar du, bertakoak kanpotarra behar du. Batek bestea behar du, ispiluan eder ikusteko bere burua. Baina behar al du besteak bat, behar al du periferiak zentroa, behar al du beltzak zuria, behar al du kanpotarrak bertakoa? Ez seguru asko bertakoak kanpotarra haina.

Gaur zortzi izan ziren hauteskundeak, jaso ditugu emaitzak, hasi dira deiak, hasi dira bilerak, hasi da aulki dantza, eta egon seguru: ezer ez da aldatuko, ez behintzat behar bezain beste, eta jarraituko dugu mundua bitan banatzen, ipar ala hego, bai eta Euskal Herria ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.