Ume tolesgabeak homosexualitatera bulka ditzakeen aitzakiarekin Billy Elliot musikala kendu dute Hungariako Opera Antzokitik. Musikala ez, baina filma ikusi dut, beranduegi inora bulka nintzan; ezin, beraz, esan eragin hori baduen. Lana ongi ulertu banuen, mezua kontrakoa da: rol aurreiritzien aurkako aldarria.
Bat nator gauza batean hungariar zentsurazaleekin. Badira sexualitate kukutua agertzen lagun dezaketen lanak. Niri (har dezatela gogoan debeku berriak ezartzeko) Farinelli filma erabakigarri gertatu zitzaidan; bizpahirutan ikusi nuen zineman, bakarka, etxean gezurra esanda. Orduz geroztik, analogiaz, ahots tesitura hura eta barrokoa gaytasunarekin lotu ditut, debekagarriaren eremua aise hedatuta. Beste adierazpen artistikoen eraginez, homotzat jotzen dut halaber grezieratik eratorritako guztia, ur elementuarekin lotura duten espazioak, marmola eta, berrikiagotan, baita zenbait drogaki ere (ez guztiak ilegalak).
Berez, Hungariako hiriburuari, bertan eman nuen aste laburrean egiaztatu nuenez, homosexualitatera bulka dezakeen toki arriskutsu deritzot bere osoan, bere dozenaka bainuetxerekin, bere marmolezko teatro (grezierazko hitza) ikusgarriekin eta inoiz dastatu dudan ardo goxoenarekin.

JIRA
Toki arriskutsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu