Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Trukea

2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Inork gutxik dauka etorkizunari bizkarra emanda bizi garela aitortzeko ausardia. Zorabiatu egiten gara, iragana urruntzen ikusten dugu, bistatik alde egiten, erabat ezkutatu arte, eta aldiz, datorrena ezin da ikusi, ezin da aurreikusi, ez daukagu, berez, une hauxe besterik, iragana joan zen, etorkizuna ez da etorri. Guretzat bai, baina beretzat hamar urteko umea ez da etorkizuna, ez du halako kontzientziarik, unea bizi du, eta nola! Alboko herrira doa lehen aldiz lagunekin, arratsaldea ederra dator, promesaz betea dator, zein abentura zoragarri biziko ote ditu?

Gazteen elkarrizketetara joaten zait aspaldian belarria. Etorkizuna direlako akaso, iragana nolakoa izan nuen jakiteko ere bai seguru asko. Hantxe zeuden bi mutil, hamar-hamaika urte ingurukoak biak. Batek pixka bat zaharragoa ematen zuen, altuagoa zen, bere lagunen abenturak ari zitzaion kontatzen besteari, gazteagoa ematen zuenak arretaz aditzen zion, bizitzaz ikasteko beharrak bultzatuta.

Txistua zeinek urrunago bota hasi ziren jolasean. Gauza batzuk ez dira asko aldatu, horratik. Ba al dakizu zer egin zuen lehengoan Unaik? Kristorena egin zuen. Esango dik ba. Baina ez esan inori, e? Ez esan inori, bestela bost euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.