Txoriak laudatzen ditut, liluratuta naukate, haien izenak jakin nahi ditut, ederra da ur-makinista, haien kantuak entzun, haiei begira egon, nola pausatzen diren balkoi ertzetan, adarretan, nola egiten duten hegan ziztuan gizakia sentitu orduko, ederrak dira, zoragarriak dira, miraz naukate txoriek, baina Günther Niethammer halako bat sentitzen naiz batzuetan, inguruko giza krudelkeriari ezikusia egin eta txoriei begira laketzen, neure ezinak, ezaxolak, neure ardurak ez ikusteko.
Berrogei orriko lantxo bat idatzi zuen naturalista alemaniarrak: Auschwitzeko hegaztien bizitzari buruzko oharrak. 1937an sartu zen SSetan, 1940an hasi zen guardia lanetan Auschwitzen, lanak jendea aske egingo omen zuen leku hartan. 126 espezie identifikatu eta aztertu zituen: txantxangorriak, urretxindorrak, hegatxabalak, zozoak, beleak, murgilak, 120 falta zaizkit oraindik.
Etsi, erabat etsi, eta edertasunaren hautua egin duen jendea gara beharbada, merezi duten gauza apurretan murgiltzekoa, gozamena lehenestekoa, nork berea ahal bezain ondo bizitzekoa, Ni pantagrueliko bati jaten ematekoa, eta txoriei begira gaude inguruko miseria eta bizi ezina ez ikusteko.
Baina txoriak ere urriagoak dira orain hemen.

Jira
Txoriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu