Udako lehen enkontruak. Aspaldi ikusi gabeko jendea eta betiko lagunak. Badute zer kontatua: Urlia ezkontzekoa omen da. «Zeinekin?», «Bai zera! Beste batekin zebilela uste nuen». «Noiz?». «Non?». Gaiari tiraka segi dute: «Ni ez naiz ezkonduko». «Nik ezkontza sinplea egingo nuke, baina ospatzekoa iruditzen zait». «Ospatzekoa zer? Eta diruarena?». Gero berriz pasatu dira Urliaz hitz egitera: «Oso aldatuta ikusi dut. Guapisima». «Non egiten du lan?». «Eskerrak aurreko harremana utzi zuen». Lagunetako bat isilik. Ondo ote zegoen galdetu diote. Erantzuna: «Bai, baina ez zait txutxu-mutxuka aritzea gustatzen». Pum.
Txutxu-mutxuak. Ze kontzeptu. Non hasten da txutxu-mutxu bat? Noiz ez da esandakoa esames? Seinalatuak dira kuxkuxeroak, berri-lapikoak, kotillak. Txutxu-mutxuak emakumeen kontuak izan dira, eurenarekin aspertuta dauden señorenak. Badirudi esamesen helburu bakarra besteak epaitzea dela, baina, indibidualismo sukar honetan, elkarri begira bizi den mundu baten ebidentzia ere badira. Norbere arazoez soilik arduratzea posible dela, horratx helduaren fikzioa. Nik, behintzat, besteei begiratu behar diet zer pentsatzen dudan, zer nahi dudan, nola sentitzen naizen jakiteko. Eta besteekiko zein begirada da purua? Berba egigun, egigun berba.