Solstizioa ere bai, baina euskarak berea du udaburua. Presente dago gurean buruaren garrantzia, buruaren buruzagitza. Ez zen Bera burua gutxiesten zuen horietakoa, baina bazekien batzuen begitara burua joanda zuela. Akabo ba! Buruari joaten utzi behar zaio, urrunera joaten, iritsi ezin gaitezkeen lekuetara heltzen. Ez du partekatzen solstizioak gertatu eta hiru egunera ospatzeko ohitura: neguburua abenduaren 21ean da, ez 24an; udaburua ekainaren 21ean da, ez 24an. Ez zitzaion gustatzen «San Juan» deitzea lurraren eta eguzkiaren momentu bakar horri, sutu egiten zen beste urte batez sorginak sutara bidaliko zituztela jakitean, ez zitzaizkion gustatzen erriturik gabeko ospakizunak. Bezperetan loreak biltzen zituen Berak —intsusa, berbena, milorria—, eta belar-ura prestatu eta ontzi batean sartu edo lehortu egiten zituen. Egun hauetan idatzi egiten zuen, idatzi eta idatzi, hustu arte idatzi, gertatu zenaz, gertatu zitekeenaz, gertatzea nahi zuenaz. Kandelak pizten zituen, armairuko likoreak probatu, kremak eman eta bolumena igota dantza egin. «Bihar ere aterako da eguzkia» esaten da, baina Berak bazekien, gaurko eguzkirik ez dela bihar.

Udaburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu