Urakanei jainko bakar baten izena ematetik alfabetoaren ordenan pertsona izen askotarikoak izatera pasa zen, hasieran bakarrik emakume izenak, XX. mendeko erdialdean. Horren azalpena garaiko grazia matxista dela ikus dezake edonork. Ez dago beste arrazoirik. Urakanek, emakumeak bezala, aire gaiztoa, oldarkor bezain aldakor, furfurian sartu, koleratu eta azpikoz gora uzten dute lehenago lasaia zena, gauza jakina baita —jiji— hondamendiak emazte izena duela; Oihenartek bildu erran zaharrak ere baieztatzen du: «Hegoa irudi du emazteen gogoa». 1979tik aurrera, berriz, topikoa bertan behera utzi nahi eta gizon eta emakume izenak txandakatu dituzte, abezearen hurrenkeran betiere.
Halere, hara non, ikerketa berri batek aurkitu du —titular handietan iragarri dute, notizia bitxien atalean— emakume izena duten urakanek hondamendi handiagoa dakartela. Irriño eginen lukete gure klasikoek. Notizia osorik irakurri behar da zergatikoaz ohartzeko. Matxista dirudien ondorio irrazionalaren azpian logika handiko arrazoi mikromatxista badagoela jabetzeko. Emazte izendun haizeteei beldurrik ez zaie eta neurri egokiak ez dira hartzen.
Hitzok eta lumak eramaten haizeak. Aurreiritziak, zirrikitu ñimiñoenetan gordeak, nekezago.

JIRA
Urakanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu