Angel Erro.
JIRA

XIX. mendea

2016ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
XIX. mendeak ospe txarra du. Edozer gutxiesteko aski da sustraiak mende horretan dituela botatzea. Egizue saioa. Bada gorroto duzuenik XIX. mendean ernamuinean ez dagoenik?

Juan Rosell Espainiako enpresarien elkarteko presidenteak hala egin nahi izan du. Haren ustez, lan seguru eta iraunkorrarena «XIX. mendeko kontzeptua da. Etorkizunean lana egunero irabazi beharko da».

Tranpatia da argudioa, alde askotatik. Ekin diezaiodala batetik. Esan zezakeen: «XIX. mendean lana egunero irabazi behar zen, ez baitzen ez seguru ez iraunkorra; ni bezalako enpresari batek, XIX. mende —nire adierazpen publikoan aditzera ematen dudanez— gaitzesgarri baina —nire golkoan uste dudanez— bekaizteko modukoan, egun batetik bestera edozein langile kaleratu zezakeen, enpresaren beharrei baino begiratu gabe, etekinik handiena ipar bakar».

Hidrogenesse taldeak Siglo XIX izeneko kanta bat du azken diskoan. Harrigarria egin zitzaidan XIX. mendeaz etorkizunean jardutea: «XIX. mendean ongi pasatuko dugu. XIX. mendean guztia izanen da guk nahi moduan. XIX. mendean berrogei urte baino gehiagoz biziko gara...». Orain ulertzen dut zergatik.

Rosell jaunak esan nahi zuen: «Etorkizunean, XIX. mendean, lana egunero irabazi beharko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.