Ostiral goizean Gasteiztik Iruñera itzuli naiz trenean. Garai batean, artean ikasle nintzela, askotan hartzen nuen. Gerora, Gasteizera joan behar izan dudanetan, autoz egin dut, edo errepide beretik, autobusez. Holako nostalgia batek hartu nau, denak —mendiek eta— garai bateko toki berean jarraitzen zuela ikustean, denbora eta ni igaro ez bagina bezala. Orduko sentsazioak nigan berpiztuta sentitu ditut. Zaila da deskribatzen.
Etxera BERRIArako zutabe hau idatzi eta bidaltzeko justu xamar iritsi naiz. Horregatik, ordenagailua piztu bai baina Interneterako konexioa ez zebilkidala ikusi dudanean, kezkatzen hasi naiz. Itzali eta piztu. Behin eta berriz. Modema goitik eta behetik arakatu. Une batean, trenean denboran atzera egin dudalako aukera ibili dut buruan —horrela arrazoitzen dut maiz—, etxean Internetik ez neukan garaira. Baina modema hor dago, ez dabilen arren.
Bi ordu pasa dira eta gero eta urduriago nago. Entrega epea gainditu dut. Azken aukera moduan eta etsi-etsian BERRIAra telefonoz deitu dut. Orain testu hau diktatzen ari natzaio Nagoreri (mila esker), takigrafikoki hartu eta linotipistari pasa diezaion. Garaiz iritsiko ahal da zuen begietara. Ez du axola nola, axola du zerk.

JIRA
Zaharberri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu