Geltokiko gizonak ez zeuzkan laurogei urte, baina ez zen urruti ibiliko. Iharra zen, batere gizenik gabea, zimela. Egon ezinda zegoen, urduri zebilen hara eta hona, burumakur, harri koxkorrak ostikoka uxatuz eman zuen autobusa iritsi artekoa. Batzuetan burua jaso eta urrutira begira geratzen zen, autobusa ba ote zetorren jakin nahian bezala, gero atzera lurrera so egin, harri koxkorren bat bilatu eta ostikoka ekiten zion, hura uxatu arteko onik gabe. Gernuz zipriztinduta zeuzkan oraindik zapata beltzak.
Arratsaldean kalera irten genuen, liburuak itzuli eta buelta bat ematera. Etxera gentozela, delicatessen horietako batera sartu ginen, ahal eta gura duenak eskura zein kutixia dauzkan ikustera. Berria da, handia, Himalayako gatza daukate, esate baterako, xanpain frantsesak, ardoak erruz; erosi bakarrik ez, nahi izatera bertan trago bat hartu eta pintxo bat jateko aukera dago. Mahai guztiak zeuden beteta. Batez besteko adina kalkulatzen aritu nintzen, hilabeteko soldatarekin zenbat xanpain botila erosi ahal nitzakeen ateratzen ibili ostean. Hirurogei? Hirurogeita bost? Astia daukate, modua daukate, eta bizitzaz gozatzeko agindua.
Ez da hitz jokoa: daukagun berriena zaharrak dira.
Jira
Zaharrak berri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu