Ekintza konplexua da zain egotea. Asko lotzen dut frustrazioarekin. Pertsona marmartia naiz zain nagoenean; irakurtzeko, podcastak entzuteko, mezuak erantzuteko… baliatu izan ditut momentu horiek, baina gero ez naiz egindakoaz gehiegi akordatzen: frustrazioak leku handiegia hartzen du beti.
Itxaronaldiak bizitzak hausnartzeko oparitzen dizkigun tarteak direla esaten du oso maite dudan pertsona batek. Autobusaren zain dagoenean, albokoen elkarrizketak entzun eta euren bizitzak nolakoak diren pentsatzen omen du aldiro. Parrandan, tabernako zerbitzariari eskatutako kanta jarri arteko kanta guztietan ere jolasean ibiltzen ei da, albo bietara begira, kanta horiek zeinentzat izan diren asmatu guran. Goizetan, mikrouhin labeak esnea berotzeko behar duen minutu eta erdia pixa egiteko baliatzen du. Are, harengana berandu iristen naizen aldiro, asmatuko dudan aitzakia merkea iragartzen saiatzen da eta, gainera, asmatu egiten du sarri.
Ama kirofanotik ateratzeko zain eman dugu goiza. Zain egoteaz baino ezin izan dut pentsatu.