Hemengoa naiz, oraingoa naiz. Horrexegatik sentitzen naiz hain arrotza. Ez dit eguzkiak burua berotu, baina batzuetan edozeini desarratuko nioke ez daukadan errebolberra, kalera atera eta tiroka ekingo nioke munduari. Ni bezalakoak ez izateagatik, ni bezalakoak izateagatik.
Eldarnioak hartzen nau, eta turistekin hasten naiz alegia deus ez, argazkia atera nahi duzue Txernobylen, argazkia Auschwitzen, argazkia atera nahi duzue joaten zareten leku guztietan, eta joaten zareten lekuak ez dira argazkia besterik, ba atera bat katu honi, bala honi, atera bat infernuan. Merkea da nire denbora pasa, eta oso ona osasunarentzat. Gustatzen ari zait. Deskuido batean igande eguerdiak kalean harrapatzen banau, eta guraso perfektuak haur perfektuekin egun perfektua pasatzen ikusten baditut, ardo zuria kontrako eztarritik joango ote zaien opatuz hasten naiz, baina asko baldin badira, eldarnioak hartzen nau, eta burgesen sabel zulatuekin egiten dut amets. Ikusi egiten dut odola borborka, ikusi egiten dut zoruan putzua, André Bretonen hitzak esango nizkieke hil aurretik, eta ez lukete ezer ulertuko, txartel horia edo gorria beste zeinurik ez dute ulertzen.
Eta gehituko: badakizu merezi zenuena.
Jira
Zeinuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu