Sorioneku eskuak modan jarri du paleografia eta zehazkiago idazkera iberikoa gurean. Horrek eusko-iberismo 2.0 batera eramanen gaituela iruditzen zait batzuetan (beldur diot gure euskalari diletanteek iberierazko zenbaki sistema deskubrituko duten egunari). Lehen eusko-iberismoaren aztarna dugu Iruñeko ForuenMonumentuan bertan.
Oroigarriak dituen brontzezko bost xafletako bitan euskarazko idazkunak daude, haietako bat karaktere latindarretan (Gu, gaurko euskaldunak...), bestea iberiar idazmoldean (...arrotzei ostatu ematen diegu, baina ez dugu nahi haien uztarria jasan...). Egiazki jende gehienak ez dio kasu handirik ematen, ez idazkerari ez edukiari. Niri atentzioa deitu dit beti erdarazko eta euskarazko testuek haien artean duten tonu edo suhartasun aldeak.
Horrek gogora ekartzen dit aspaldian Jose Maria Satrustegiri entzundakoa: ez ditugula erdaldunak euskaraz esaten dugunarekin (hots, benetan pentsatzen dugunarekin) izutu behar. Diskurtsoa moldatu behar da, zer hizkuntzatan ari zaren (horri etekin handia atera diote idazle batzuek). Zorionez garai horiek joan dira. Euskara dagoeneko ez da esparru pribatua, ez lurralde askerik ere. Txarrerako eta onerako. Larunbatean hori ere ospatzekoa dugu.

JIRA
Zer hizkuntzatan ari zaren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu