Arauak onartu beharra da zigorra. Ez isuna, ez kartzela, ez heriotza. Arauak onartzea da zigorra, burua makurtzea, arrazoia ematea, men egitea eta amen esatea. Gauzak beste era batera egin daitezkeelako fedea galtzea, gizarte justuago baten alde borroka egiteko kemena ahitzea da zigorra. Eta zigor hori egunero jausten zaigu buru gainera, Idurre Eskisabelek normaltasuna deitu zion horren forma hartuta, hau holaxe da, beti egin dugu horrela, ez dago beste aukerarik, zuk ere ikasiko duzu, sartuko zara arrastoan, zeure onerako da, eta abar.
Normaltasuna da zigorra. Zigorra norma da.
Zenbat aldiz sentitu duzu ez zarela kabitzen moldean? Zenbat aldiz sentitu duzu bizi beharko zenukeen bezala ez bizitzeagatik mespretxu egin dizutela? Zenbat aldiz eman dizkizute bide zuzena aukeratu eta eurak bezala bizitzeko aholkuak? Zenbat aldiz entzun dituzu normaren aldeko aldarri ustez apolitikoak?
Ez dakit zergatik akordatu naizen Tony Benettekin: museo batek erakusten duena da botereak nola ikusten eta pentsatzen duen mundua, eta nola ikusten gaituen gu, eta guk nola ikusten dugun geure burua, eta nola ikusten dugun geure burua botere objektu gisa.
Arauak onartu eta boterearen mezulari bihurtzea da zigorra.

Jira
Zigorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu