maialen akizu 34 172x172

Zimitza

2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zimitzei zimitz deitu gabea nintzen. Etimologiaz eta Euskaltzaindiaz haraindi, nire balorazio propioa egiten dut hitz berri ororekin: zimitz, zimitz, zimitz. Hitz leun xamarra zomorro demonio hau izendatzeko. Beste aldaera batzuk ere baditu: imitxa, imintxa, tximintx, tximitx, tximutz, zimintz, zumitz, txintxe. Joan Antonio Mogelen Peru Abarka eleberrian hala azaltzen da: «Tximitxa edo imitxia esaten da tximurtxi, edo imurtxi egiten dabelako». Tximitxa gustatu zait, eta zimitza horren urrunekoa ere ez du.

Hobe urrunago balego! Berrogeita bat zimitz familia daude —zapataria, marraduna, laranja—, baina gurean zimitz kirasdun marroia dabil —kasu honetan hitzak esanari men egiten dio—. Zimitz horrek usain gogaikarria isurtzen du zirikatua sentitzen bada, intsektua serioa da, ektoparasito hematofagoa, odola behar du, ez umorea, eta ez du gaixotasunik transmititzen, ez diote minik egin nahi elikatzen dituenari. Keinu onbera zomorro temosoarena. Gertu-gertutik begiratu diot, eta bueno, hain itsusia ere ez da, bere kolore propio, marra eta hanka luzanga. Jakin dut, gainera, derioztarrei esaten zaiela tximutxak. Euskal Herriari ezinbestean zimitzaren usaina derio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.