Zinema gainbeheran dago argi etagarbi, bota dit Sustrai lagunak eta gero taktikoki isildu, nire arreta eta ondorengo galdera agerikoa irabaziko duela jakinda. Zinema gainbeheran dago, ekin dio berriro, bakarrik ikustea dago zenbat espazio okupatzen duen egunkarietako kultur orrialdeetan, beste guztia eklipsatzeraino.
Zinemaldiaz ari dela badakit; horregatik kontraesana aurpegiratu diot, gazteagotan Iruñetik Donostiara joaten ginelako biok, filmen bat edo beste ikustera, areto komertzialetara iritsi eta menturaz mainstream bihurtu baino lehenago oniritzia edo gaitziritzia haizatzeko presaz. Hipsterrak izaten ikasteko hiri ezin hobea zen Donostia. Sustrai laguna eta biok dagoeneko ez gara hipsterrak, baina horrek ez du meritu handirik, guztiak desagertu baitira, edo inork abisatu ez zigun beste zerbaitetan eraldatu.
Gaur amaitzen da Zinemaldia, kontsolatu nahi izan dut Sustrai Egurrola. Euskal argitaletxeek lasai programatu ahal izanen dituzte liburu aurkezpenak, udalak kultur programazioak iragartzera ausartu daitezke, musikariak adierazpen polemikoren bat botatzen saiatu, Euskaltzaindiak urgazle berriak izendatu. Egunkarietan bihar, zehaztu du berak ohiko ezkortasunaz, goizenez bihar.

JIRA
Zinemaldian behin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu