Protokolo deituko zaio orain; «gauzak horrela egiten dira» garaian, inguruko norbait zorabiatzean, garbi genuen nola jokatu: etzan ondoezik zegoena, hankak igo, haizea eman, eta, irentsi zezala gozoren bat, txokolatea, gaileta, karameluren bat, gozoa, zenbat eta gozoago, hobe. Zorabiatutakoa, normalean, agudo beretzen zen honela, eta, azukrearen aldeko ebidentzia zientifikoa indartzeko balio zigun guri.
Kontua da aurrekoan bisaia zurbil hurbildu zitzaidala lagun bat. Lurrean etzateko modua egin genuen, protokoloa martxan jarri, eta gozoren bat ekartzeko oihukatu. Baina, gertuan Leroux ibiltari bat tokatu, eta hark esan zuen ezetz, gozoa ezetz, gazia behar zuela, ga-zi-a.
Bizitza gezur batean bizi izan dudala sentitu nuen. Azukrea Olentzero da. Orduan konprenitu nuen ordea Kierkegaarden esaldia: angustia askatasunaren zorabioa da. Euskaldunontzat pare-parera: angustia sentitzen baitugu nonahi, eta, askatasun falta bainoago, zorabioa. Baina, zorabioaren kontra gozoa hartu izan dugu, gozoa eskatu, azukrea bilatu, eta ezpa, gatza, ga-tza da zorabioari buelta emateko behar dena.