Angel Erro.
Jira

Zuhaitza

2013ko abenduaren 21a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Etxean izan dugun azken haurra ni izan naiz, neu eta nire arreba. Eta ez dut gogoan jaiotza edo eguberrietako zuhaitza jartzeak (batzuetan bakarra, besteetan biak) ilusio berezirik egiten zigunik. Aitari bai. Edo, bestela, urteetan ongi disimulatu du, gaur arte, bera bakarka bizi den honetan, luzatu duen gezurrari eutsiz. Edo gezurra lehen, eta orain ohitura. Edo gezur haren oroimina.

Agerkari digital batean aita gazte baten adierazpen lazgarriak irakurri ditut. «Seme-alabei azaldu behar diet zergatik ez dugun eguberrietako zuhaitzik». Sevillako Dos Hermanas herrian bizi dira oraindik. Hemendik urruti dago, baina ez hainbeste: Kutxabankena da etxea eta oraingoz ez dute kaleratzea lortu. Sevillan ere bai, ostegun honetan, kaleratze bat gelditu dute: 85 urteko emakumea, alzheimerduna, eta bere seme minusbaliatua. Eskura jartzen digute data hauetan geure burua Charles Dickens sentitzea, A Christmas Carol-eko eszena bat irudikatuz.

Urtarriletik aurrera, gainera, pauso bat eman dugu (gelditu naiz, aurrera edo atzera, bietako zein jarri jakin gabe) viktoriar pertsonaiak bihurtzeko, pobre sailekoak bereziki: argiaren faktura %11 igo behar dute. Aitari esanen diot zuhaitzari kandelak paratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.