Agerikoa da, begien bistakoa, nabarmen-nabarmena, argi dago, are garbi ere, esan beharrik ez dago, gauza jakina da, eguzkia baino argiagoa da, ez du ispilurik behar, urrutitik ere ikusten da... Euskarazko adierazpen horiek guztiak eta gehiago ditut eskura, eta nik erdarakada baten alde egiteko premia sentitu behar ere, normalean erabiltzen ez dudan arren: zuria eta botilatua, zerbait agerikoa eta dudarik gabea dela adierazteko baliatua, penintsulako gaztelaniaz bederen. Berez, oinarrian dagoena «zuria bada eta botilatua baldin badator, ez ezazu burua apur, esnea da» esaldia da.
Esaldi hori ezagutu gabe ezin da guztiz ulertu arreta deitu didan txioa, sakelakoaren argazki galerian gorde dudana: «Blanco y militar: no es terrorismo». Bueno, agian bai ulertzen da berez, besterik gabe, hain da agerikoa, begien bistakoa, nabarmena eta abar. AEBetako Maine estatuan armaz hogeitik gora lagun hil eta halako hiru zauritu dituen erasogileaz ari da. Oso bestelako harrera izanen bailuke notiziak goiko ezaugarri haietako bat beteko ez balu. Ikusi izan da Altsasun ere. Ikusten ari da neurri bateanIsraeli oraindik egiten uzten ari zaionarekin,berea, zuria eta militarra, ez baita terrorismoa.

JIRA
Zuria eta militarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu