Atzo bertan irakurri genuen berripaper honen Zuzendariari sailean Ibon Arrizabalaga oriotarraren eskutitza. Arantza Santestebanek Gara-n ezkertiarren artean nahi gabe birsortzen diren diskurtso atzerakoiei buruz idatziaren harira bere gogoeta eskaintzen zigun. Ez ditut hona aldatuko ez bataren ez bestearen hitzak, egunkariek egun bat baino gehiago irauten baitute gure sukaldeetako mahai edo aulki gainetan. Baina poztu egin ninduen gogoetarako grinak berak eta gogoetagaia hitz horietan kokatzeak, sinetsarazi nahi baitigute egungo munduan ez duela lehen hainbat zentzu ezker/eskuinez mintzatzeak edo ideologiez aritzeak, ezabatua baitago nonbait batzuk eta besteak bereizi izan dituen marra.
Ez dut nik halakorik uste. Egia da bestelako kontuez aritzen garela egunerokotasunean: azpiegitura handirik behar den ala ez, diru-baliabiderik gabe geratu den Lodosako Ibaialde ikastolaz, futboleko Errege Kopaz, Egiaztatze Batzordeak ETAz dioenaz, Eskoziako Finantza ministroak esandakoaz, haur lapurtuen kasuaz, krisiaz… baina bestelako kontu horiekiko dugun jarrera ez da gure mundu ikuskeraren ondorio baino. Eta mundu ikuskera bat baduguna begi bistakoa da, nahiz eta ikuskera hori, mundua bera ere gero eta konplikatuagoa delako seguruenik, arrakalatsua izan. Ez da kasualitatea, funtsezko kontuei buruz lagunartean hizketan hastean, esaldirik errepikatuena eta burua makurtuz botatzen duguna «nik ere baditut nire kontraesanak» izatea. Lehen inor gutxik botatzen zuen esaldia, egun eztabaida askotako makulu ezinbesteko bihurtu zaigu.
Duela urtebete edo, bertsolaritzari buruzko gogoetaldi batean inertzia ideologikoei buruzko zerbait prestatuko nuen galdegin zidaten. Ez dakit itxurazko ezer egin nuen baina egin nuena neuretik egina zen. Ideologia definitzea izan nuen lehen helburu. Eta horretarako proba bat prestatu nuen, egin nahi duenak bere buruari jar diezaion edo jolas modura lagun eta ingurukoekin egiteko. Nahi hainbat luze izan daitekeen bikote zerrenda osatu nuen. Esaterako : Eutanasia bai / Eutanasia ez. Drogak bai / Drogak ez. Irakurri / Telebista ikusi. Begira egon / Egin. Askatasuna / Menpekotasuna. Familiaren alde / Familiaren aurka. Ortodoxo / Heterodoxo. Tortura bai / Tortura ez. Berdin / Bakar. Legearen alde / Legearen aurka. Artifizial / Natural. Zentralizazioa / Deszentralizazioa. Modernoa / Betikoa. Osasuna / Gaixotasuna. Monolitikotasuna / Dibertsitatea…
Proba egin nahi duenak jar ditzake burura datozkion bikote guztiak, eta nahieran. Kontua da bote lasterrera bitik bakarra aukeratu behar dela. (Ongi dakit tranpa handia dagoela ñabardurarik eta zertzeladarik ez onartzean, eta baita bikoteen aukeraketan ere, baina neuk asmatutako jolas herrena baino ez dela aitortu behar dizuet). Erantzunen arabera segituan antzemango ditugu kontraesanak. Demagun erantzuleak Torturarik ez hautatu duela eta aldi berean Betikoa. Galdegileak—izan norbere kontzientziaedo izan ondoko lagun galdetzailea— segituan atzemango du kriki-kraka. Galdera pozoitua luzatuko dio orduan: «Eta idi-probak? Alde edo kontra zaude? Torturarik eza hautatu duzu eta aldi berean betikoaren alde agertu zara…». Edo demagun erantzuleak deszentralizazioa hautatu duela eta aldi berean askatasuna eta dibertsitatea. Galdera pozoitua izan daiteke : «Eta Euskal Herriko Herrialderen batek galdeketaren batean erabakiko balu ez duela Euskal Herri izan nahi?». Edo akaso Drogak bai eta Osasuna hautatu dugu edo-ta Drogak ez eta Osasuna. Eta bi aukerentzat bururatzen zaizkit galdera bihurri askoak.
Bigarren olatualdiko galdera pozoitu hauei ez dago bote lasterrean erantzun beharrik. Eta erantzuteko modurik ere ez da ziurrenik. Gogoetaldi bat eskatzen dute. Jolasaren lehen fasean azalpenetarako tarterik ez den bezala, bigarren honetan nahi hainbat pentsatu, hitz egin, arrazoiak aurkitu eta aitzakiak jarri egin ahal izango dugu. Niretzat, horixe baita ideologia: norbere kontraesanak, handiak eta txikiak, kudeatzeko daukagun modua. Eta ez daukat dudarik batzuen modua besteena baino hurbilekoagoa, zuzenagoa eta atseginagoa gertatzen zaidala.
Plazatik
Jolasean serio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu