Elurre Iriarte Bañez.
MELE

Jostetan, mezuka

2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Haurrak karrikan jostetan ibiltzen direlarik, maiz erakusten dute nola bizi duten herria. Gure neguan zerri hiltzetara jostetan ikusi izan ditut, bortitza izaten ahal den irudia, gero xixtorra janen duten naturaltasun berarekin arituz. Negua akitzean zenbait astez inauterietako mozorroetara, hartza eta hartzazainetara eskolako patioan, frontoian, plazan.

Ondotik, akaso ezagunagoak diren jokoetara, plazan denbora gehiago egoteko aukera dutelarik. Bi talde eginez bata bertzearen bila abiatuko dira herrian barna. Talde bakoitzak izen bat hartuko du, bata bertzearen kontrario. Harrapatzaileek bilatu behar dituzte eskapuan doazenak, eta hauek abilezia izan behar dute harrapakarien atzaparretan ez erortzeko, maiz herriko mugetaraino joanez.

Gurea zakurrak eta konejuak zen. Konejuak urrun eskapatzen ziren, beti herriko eremuetan baina karriketatik kanpo. Zakurrek bilatu behar zuten aztarna, eta bertzeak harrapatu. Jende kopuru bera talde bakoitzean. Ihizilariak eta basurdeak izaten ziren ondoko herri batean. Gero, poliziak eta ebasleak bihurtu zen jokoa, abertzaleen alabak argi utziz gaixtoak ez zirela ebasleak. Herriaren biziaren araberakoa izaten da aldaera, eta polizien agerpena segur aski telebistaren eraginez izanen zela pentsatu dut beti.

Akaso norbait kezkatuko da halako kontuekin, nola bizi diren ba ihizilariak, zerri-hiltzaileak, eta armadunen artean euskal haur hauek. Akaso. Niri, berriz, kezka sortu zitzaidan urrunagoko herri batean joko horrek apaizak eta haurrak zuela izena jakin nuelarik.

Seinaleak non eta zeinek diren ikasi beharra dugu, eta haurrak beti ari dira informazioa ematen.Erne ondoko etxealdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.