Joxe Azurmendiren zalantza

2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Pasa den martxoaren 24an Euskadi Irratian Maite Artolak Joxe Azurmendiri egindako elkarrizketa aditzeko aukera izan nuen. Elkarrizketa osoan Zegamako jakintsua ohikoa duen apaltasunez ur sakonetan murgildu bazen ere, batik bat bere zalantza batek txundituta utzi ninduen. Izan ere, elkarrizketaren hondarrean, Azurmendik guztion belarrietara jaurti zigun ez duela ulertzen gaur egun abertzaleen artean erabakitzeko eskubidearen inguruan gutxieneko batzuk adosteko gaitasunik ez egotea.

Ur sakonak aipatu ditut, Joxe Azurmendik, esaterako, «ez-dependentzia» kontzeptua formulatu ez ezik, edukiz bete zuelako. Baina Azurmendik gardenki plazaratutako zalantza azken urteetan Euskal Herriko bazter askotan entzundako berbera da. Duela hiru urte, Azurmendik irratian egindako galdera bera abertzale askok elkarri harriduraz egiten zion. Duela bi urte, abertzale mordoxkak haserre galdetzen zuen hori. Duela urtebete, nork bere buruari etsipenez errepikatzen zion. Gaur egun ia inork ez du, tamalez, Azurmendiren galdera egiten. Abertzale gehienek, nonbait, barneratu omen dute beraien pentsaerak adierazten dituzten indar politiko nagusien artean gutxienekoak adosteko gaitasuna ezinezkoa dela.

Nire iritziz, bi argudio sendook errazki errefusatzen dute abertzaleen arteko elkarlanerako ezintasuna. Bata, hamarkadetako konfrontazio armatuaren amaierak alde guztien artean—zer esanik ez, abertzaleen artean—, elkarrizketa ez ezik, elkarlana ere erraztu beharko luke. Bestea, Espainiako eta Frantziako Estatuak ez daude prest Euskal Herriko herritarren arazo nagusiak konpontzeko inolako biderik eskaintzeko. Eta beraiena ez da behin-behineko jarrera politikoa, estatu jarrera estrategikoa baizik.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko elkarlana uxatzeko aurreko biakbaino arrazoi sendoagoak behar direlakoan nago. Alderdi politikoen arteko lehiak nagusitzea, lidergo argirik ez izatea eta egungo euskal klase politikoa kaxkarra izatea aipatzen da gehien, nonahi, baina, horrez gain, badaukate atzean egia zatiren bat. Hala eta guztiz ere, hiru egia puska horiek batera, jakina, gure Herriak behar duen prozesu eratzailea motelarazten dute, baina nekez geldiaraz dezakete.

XXI. mendearen hasieran Euskal Herria nazio gisa askatasuna erdiesteko baldintza objektiborik onenen aurrean dagoelako. Aurreko ziklo politikoak ez ei gaitu Herri gisa guk geuk nahi genuen tokiraino eraman, baina honaino ekarri gaitu. Herri gisa askatasuneraino, Azurmendiren ez-dependentzia-raino iristekobaldintzak inoiz izan ditugun onenak dira, ziklo politiko berri honetan bakarrik gure indarren menpe gaudelako.

Ados gaude, euskal alderdi politikoek behingoz lubakitzeari utzi eta erabakitzeko eskubideak zeharkatuko dituen zubiak eraiki behar dituzte. Ahalegin horretan oraindik asko dugu ikasteko. Pertsona asko ordezkatzen omen ditugun horiengandik urruti, ordea, pertsona txiki askok batera oso gauza handiak egiten dituzte, gure geografia osoa igaro duen Korrika izeneko auzolan erraldoiak bi urtero erakusten digun bezala. Horregatik, jendarte honen sormen, indar eta gaitasun guztiak behar ditugu. Euskal Herrian inoiz izandako baldintza objektiborik onenetan euskal jendartearen bertsiorik onena behar dugu, noski, baita bere ordezkari politikoena ere. Alabaina, bakarrik gure orainaldian milaka eta milaka protagonista sortuz, noizbait Herri gisa gure etorkizunaren jabe izatea lortuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.