Hitz beste

Kalea

Anjel Lertxundi.
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Kalea nirea da, esan zuen Fragak. Eta hain berea ere: orduko paretek belarriak zituzten; aireak, berriz, begiak. Batera eta bestera begiratzen zenuen tabernetan, eta ahotsa bridatzen zenuen, ez edukazioz baizik paretetako belarrien errezeloz. Ez zinen paranoiko bat, askatasun faltak sator-ibileretara behartutako gizarte bateko herritar bat gehiago baizik. Kaleko hizkera-mota bereizi baten akademian matrikulatutako ikasle bat, horixe zinen: ahopeka eta zirkinekin mintzatzeaz gainera, estrategia linguistiko esanahi bikoak, ia sator-zulokoak, praktikatzen ikasi zenuen, diktaduraren kontra blindatzeko estrategiak lantzen zenituen.

Telebistari begira zeundela, Siriatik iritsi zaizun gazte baten aldarriak sator-bizitza hura berritu dizu:

«Kaleak kontrolatzen dituzte, baina ez gure buruak».

Eta akademia hartan ikasitakoa berretsi duzu: gure baitako askatasunetik abiatzen da kalearen eta munduaren askatasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.