Anjel Lertxundi.
Hitz beste

Kamiseta

2013ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Atzo fresko egiten zuen, jende guztiak zeraman anoraka, jertse txanoduna edo kirol-jakaren bat alkandoraren edo kamisetaren gainetik. Ohiko tabernan sartu nintzen. Tabernariak kamiseta beltz deigarri bat zeraman, tontor baten gainean orratza baten gisako gaztelu ilun goibel batekin zeru hodeitsua urratzen zuena. Kafe bat eskatu nion. Bizkarra erakutsi zidanean kafe-makinara joateko, letra gotikoz apaindutako idazki bat ikusi nion kamisetari: We are K. (K. naiz, Kafkaren Gaztelua nobelako protagonista).

Kamiseta non egina ote zen otu zitzaidan. Zenbatekoa ote zuen kostua, zenbatean erosi ote zuen gazteak.

Kafea zerbitzatu zidanean, Bangladesheko tragediaz hasi zitzaidan, telebista ematen ari zen irudiak hartuta hizpide. Hedabideek istripua deitzen diotela sarraski hutsa izan denari, eta txor-txor-txor. Nik kamisetako gazteluari begira segitzen nuen fijo-fijo.

—Banekian gustatuko zitzaiala! —esan zidan tabernariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.