Kanpin-denda berehala jasotzen da orain. Hori diote, behintzat, telebistan etengabe ikusi ahal ditugun iragarkiek. Segundo gutxi batzuen buruan, edozein lekutan egonik ere, kanpin-denda prest daukagu. Ahaztu lehengo pikatxoi astun haiek; eta ahaztu lurrean ongi iltzatzeko beharrezkoa zen mailua ere. Irekitzeko eta ixteko lanak ematen zituzten kanpin-dendak desagertu dira. Berritu gara horretan ere. Orain airera botatzen ditugu kanpin-dendak. Askoz ere arinagoak dira. Poltsa biribil eta zapal batetik atera eta kito. Beste horrenbeste jasotzeko ere.
Abenturaren esanahia hartzen du maiz kanpin-dendak. Kontzertu handietara joateko aproposa da, baita urrun dagoen herriko festetara gerturatzeko ere. Baina zer esango dizut, ongi dakizu hori guztia.
Astiro-astiro ateratzen dugu kanpin-denda barruan dagoena. Etxeratzeko garaia da. Abiadura jaitsi egiten da, beren-beregi beharbada. Zerbait amaituko dela dakigulako izango da, seguruenera. Kanpin-denda jasotzea ateari giltzarrapoa jartzea bezala da. Maletako kremailera ixtearekin edo bueltako hegazkin txartela eskuetan hartzearekin berdin gertatzen da. Amaiera gertu dagoen seinale. Dena astiro egitea hobe.
Kolore guztietako kanpin-dendak ikusi ditugu Irurtzunen ere. Herrira sartzeko errotondaren ondoan zeuden. Atzo bertan jaso zituzten azken kanpin-dendak. Astiro-astiro, ohi den moduan. Oraingo honetan, ordea, oporrak amaitu diren sentsazioa beste era batekoa izan da.
Inasako langileek ez dute festarik izan; ez dirudi kontzertu mordoaren artean maitasuna aurkitu dutenik. Maitasuna ez dakit, baina lana, bederen, joan egin zaie. Erresuma Batura eraman dute lantegia. Irakurri dugu bertan jazotakoa. Telebistako irudiak ere ikusi genituen. Guardia Zibila lanean ibili zen. Gibraltarren otzan antzean dabiltzan bitartean, beren lanaren defentsan ibili direnak jipoitu zituzten.
Kamioiak ere ikusi genituen. Sartu ziren lantegian. Eta hustu zuten. Akabo, etxera buelta. Kanpin-dendak jasotzean uda amaitzeaz gain, alderantzizko bidea hartu zuen normalean geratzen denak: langileak ez dira etxera itzuli berriz ere lanera joan beharra dutelako. Lanetik etxera itzuli dira, opor behartuetara. Horrenbeste izu ematen digun langabezia zain dute kanpin-denda itxi orduko.
Etxera itzultzeko bidea buruz dakite. Ez dira beraiek izan mugitu direnak; lantegia joan zaie beste leku batera.
Ahal zuten guztia egin dute beren lanpostuak mantendu ahal izateko. Beste askok bizkarra eman diete. Ubeldu eta guzti doa bat baino gehiago etxera. Atzo jaso zituzten azken kanpin-dendak. Akabo uda eta akabo lana. Kanpadendekin egindako bidaiak ahaztezinak omen dira. Hau ere ez dute berehalakoan ahaztuko, ziur.

Uda mudan
Kanpin- dendak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu