Tabakoaren kontsumoari loturiko bi berrik eman digute atentzioa azkenaldian. Berriki, Ingalaterrako enpresa batek lau jaiegun gehiago eskaini dizkie ez-erretzaileei. Edo gure inguruan, zigarroa erretzeko tartea lanorduetan ez zenbatzeari buruzko eztabaidan ari gara, legediari osasunari baino gehiago begiratuz oraingoz behintzat. Eraginkorrak al dira neurri hauek?
Tabakoa droga gogorra da, bai osasunean dituen ondorioengatik, baina baita eragiten duen mendekotasunagatik ere. Ondorioei dagokienez, munduan zazpi milioi pertsona baino gehiago hiltzen ditu urtero, horietatik sei milioi inguru erretzaile zuzenak direlarik, eta milioi bat inguru erretzaile ez-zuzenak. Gure inguruan, heriotzen %13,5 egotzi lekizkioke tabakoari, eta, ekidin litezkeenen artean, lehen heriotza arrazoia da. Mendekotasunari dagokionez, izugarria da nikotinak eragin dezakeen efektua, garunaren erdigunean lan eginez, sistema linbikoa deritzogun eremuan. Bertan daude gure beharrik oinarrizkoenak, gosea edo egarria esaterako, eta nikotinara ohituz gero, ordu gutxitan nabarituko ditugu bere gabeziaren sintomak: antsietatea, kontzentraziorako ezintasuna, buruko mina, lo hartu ezina... Nikotina mailak igotzearekin, erretzearekin, hobetu egingo dira, gerora ere berriz agertzeko, sorgin-gurpila osatzeraino. Tabakoa probatzen duten hamar pertsonatik bederatzi mendeko bihurtuko dira.
Tabakoa kaltegarria dela jakinik, zergatik mantentzen da kontsumoa gure artean? Behera egin badu ere, 19 urtetik gorako gizonezkoen %29 erretzailea da, eta 16 eta 24 urteen arteko tartean, emakume erretzaileen kopurua gizonezkoena baino handiagoa da.
Kontua da informazioa ez dela nahikoa, inork ez duelako ukatuko tabakoa txarra denik. Esan dugun bezala, tabakoak garunaren kimika eraldatzen du, bere eremurik antzinakoenean, eta gosea edo egarria nabaritzen diren bezala, tabakoaren premia nabaritzen du erretzaileak. Eta horri aurka egitea ikaragarri kostatzen da, borondatea behar delako. Estatistikek diotenez, erretzaileen heren batek ez du erretzeari uzteko intentziorik; baina bi heren inguru aurrez saiatu eta huts egindakoak dira, nahiko luketenak baina ezin dutenak. Etsipenak harrapaturik, urruneko aukera moduan ikusten dute tabakoa uztea.
Erretzaileak, beraz, erabakia behar du lehenik eta behin, baina ondoren, erabakia eusteko borondatea eta indarra. Eta emozioez eta borondateaz ari garenez, eragin dezaketen faktore asko sartzen dira tartean. Erretzaile batzuek haurdunaldian edo haurrak izatean topatzen dute indarra; beste batzuek, osasun arazo larri baten ondoren aldatzen dute jokabidea. Eta beste batzuek, milaka sorburutan. Tabakoaren aurkako legeek eta eremu publikoetan erretzeko debekuek, adibidez, kontsumoa murrizteko eraginkortasuna erakutsi dute.
Eta bestelako bideek? Garbi dakiguna da erretzaileari laguntza eskaini behar zaiola, modu ezberdinetan. Lege aldaketak lagungarri izan litezke, erabakia pizteko gehiago, borondatean irmo mantentzeko baino. Bestelako neurriekin batera baldin badoaz, askoz ere hobeto: abstinentzia sindromean lagungarri diren botikak dauzkagu, talde terapiak ere erabil litezke, edo psikoterapia ere bai. Erretzaileari modua eskaini behar zaio bere ohitura aldaketak errazago egin ditzan, eta bakarrik senti ez dadin. Ingurua kerik gabe mantentzen badugu, eta, horretarako neurriak hartzen badira, beste bultzadatxo bat gehiago izango da.

Kanpotik eragin al liteke?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu