Konfiantza kontua da

2016ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Beste urtebetez, Kataluniako Diada Nazionalak erakutsi zuen ez dagoela modurik sufle katalanari haizea kentzeko. Udan Kataluniako Errepublika sortzearen aldekoei halako neke bat antzeman bazaie ere, azkenean, irailaren 11 egun historikoa izan zen independentismoarentzat. Autokonfiantza handitzeko modu on bat izan zen. Gainera, aurten Ada Colau ofizialki izan zen eta En Comu-ko hainbat pertsona ere bai. Izan ere, ezinbesteko eremu politikoa da hori Kataluniako independentziaren aldekoen kopuruak gora egin dezan.

Baina abagunea konplexua da datozen asteetarako. Espainiako gobernagarritasuna nola konpondu ebatzi bitartean, Kataluniako politika bere agenda malkartsuari segitzen ari zaio. Datorren asteazkenean, Carles Puigdemont presidenteak konfiantza mozio bati aurre egin beharko dio estatu berri bateranzko bide orria errailetan sartzeko, berriz ere. Junts Pel Si-ren eta CUPen artean izandako desadostasunak ixten doaz pixkanaka; ezinbestekoa da konfiantza berreskuratzea. Egoera hau aukera gisa ikusi behar da, bide orria argitu, eguneratu eta pauso irmoarekin segitzeko. Uneotan Kataluniako Gobernuak ahalik eta konplizitate gehien beharko du Espainiako Estatutik deskonektatzeko.

Erreferendumaren gaia da eztabaidagai nagusietako bat; errefendum hitzartu bat eskatzen jarraitu edo aldebakarreko erreferendum bat prestatzen joan, Espainiako Estatuak hitzartu nahi ez duenerako. Azken puntu hori delikatua da, uneotan ez baitago kontsentsurik sektore independentista guztian. Beste erreferendum batera deitzeak kontakizuna aldatzea esan nahi du: irailaren 27ko garaipena ez zen nahikoa izan, eta azaroaren 9ko prozesu parte hartzailea ikur sinboliko hutsa izan zen.

Gai teknikoagoak azpimarratuz, hautesle errolda zuzen bat edukiko dela ziurtatu behar da, eta ez direla arriskuan jarriko bozketetan arduradun izango diren funtzionarioak. Bi arazo administratibo hauek gainditzea ezinbestekoa da erreferendumerantz egiteko eta nazioarteko komunitatearen onarpena jasotzeko.

Baina bi traba horiek gainditzea egingarriagoa dirudi, Espainiako Gobernuak bozketa hitzartua eskaintzea baino. Kontrara, Justiziaren makinaria martxan jarri da: Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea inhabilitazioarekin mehatxatu du, eta Francesc Homs akusatuen aulkian eseri. Bi helburu argi dituzte: Espainian izan daitezkeen hirugarren bozetan botoak irabaztea, eta kataluniarrei mehatxu egitea desobedituz gero izan daitezkeen ondorioekin. Nire iritziz, independentistek gainditu dute desobeditzeko beldurra, eta badakite Espainiako Estatuaren inkongruentzia bakoitzak argudio gehiago ematen dizkietela sezesio proiekturako.

Katalunian eta Espainian dilema bera dago: aldian behineko konfiantza edo iraunkorra? Biak dira zilegi, baina inflexio uneetan ondorio oso desberdinak dituzte. CUPek aintzat hartu behar du 2017ko aurrekontuen onarpena geratzea kolpe hilkorra izan litekeela prozesu indepedentistarentzat. Deskonexioaren hiru lege ezagunek zalantzarik gabeko gehiengo osoa behar dute, eta ez zen onargarria izango urrats bakoitzeko xuhurtzian ibiltzea deskonfiantzaren ondorioz. Rajoy presidente izateko PSOE absteni dadila eskatzen dutenek (behin-behineko konfiantza) ez dute aintzat hartzen eztabaidatzen dena dela ea nahikoa gehiengo badagoen Espainiako Gobernuak legealdian legeak onartu ahal izan ditzan (konfiantza iraunkorra) eta bere hauteskunde programa bururaino eraman dezan.

Edonola ere, jarri gerrikoak, bihurguneak datoz eta!

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.