Kezkatzeko modukoa izango da seguru aski, ni behintzat kezkatuko nintzateke, jakitea Duran i Lleida, Madrilen azken asteotan Kataluniako subiranismoak sortu duen egitasmoari alternatiba eskaintzeko orduan, Urkullu lehendakariaren Status Berria ari dela erabiltzen, eredu. Alegia, Madrilgo zentralismo granitikoaren eta independentziaren arteko hirugarren bidea dela Status Berria.
Edo, esaten duena esateko, guk baino informazio zehatzagoa dauka Unioko buruak, edo ez dakienaren gainean ari da konplizitatea bilatzen Madrilgo erakunde estatal askotan.
Hiru zutabe nagusirekin aurkeztu zen hauteskundeetara Iñigo Urkullu: krisia, bakegintza eta normalizazio politikoa, eta Status Berria. Eta, logikoa denez, hiru horietan oinarritutako diskurtsoaren ondoren hautatu zuen Eusko Legebiltzarrak lehendakari.
Status Berria-ren aurrerapenik ez dago, baina aurki aurkeztuko du EAJk proposamena Eusko Legebiltzarrean beren beregi sortuko den batzordean. Berehala sortu dira alderaketak Ibarretxe Plana deitu genuenarekin, geure buruari galdetuz edukietan zer eduki lezakeen plan berriak lehendakari ohiarenak ez zeukanik.
Ibarretxeren proposamenak estatutu berri artikulatu bat eskaini zuen, indarrean dagoena baino eskumen dezente gehiagorekin. Adibide bat: Euskal Botere Judiziala proposatzen zuen, eta Euskal Auzitegi Gorena. «Non dago aldea?», galdetu genion ostegunean kazetariok telebista saio batean EAJko lehendakari Andoni Ortuzarri. «Prozedura, prozesua nola eraman, alderdi guztien parte hartzearekin egin nahi dugu», erantzun ongilea eman zigun. Aurki argitu beharko dituzte edukiak, itunkideak eta zer egingo duten Madrilgo ezezkoaren aurre egiteko.

Enbaxada bila
Konparaketa arriskugarriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu