Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Kontraesanak marko apain batean

2023ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Alcantara ez da izen arrotza izango zenbait euskal herritarrentzat, beharbada haiek berak edo haien arbasoak herri hartako aldirietan jaioak direlako, neure familiaren kasuan bezala. Espainiako Cacereseko probintziako bosgarren udalerririk zabalena da, baina biztanleriaren aldetik ez dago hango 50 herri jendetsuenen artean ere —konparatzeko, bertan Biriatun edo Muxikan bezainbeste lagun bizi dira, Bardea baino zabalagoa den eremuan—.

Baina duela hamarkada batzuk emigrazio fokua izanaz gain, herriak beste arrazoi nabarmenagoak dauzka ezaguna izateko. Haien artean nagusia, herriko sarbidean dagoen erromatar zubi izugarria, Tajo ibaia zeharkatzen duena—izan ere, harexek eman zion herriari izena: al-qantara, zubia—. Ez da nolanahiko kontua, 45 metroko altuerarekin munduko bigarren erromatar zubirik garaiena da eta oraindik ere inguruan ibai gaineko pasabide bakarra izaten jarraitzen du. Haren gainetik igarotzen ziren antzinako gurdiek gaur egungo autoei lekua utzi diete, baina zubiaren itxura ezer gutxi aldatu da azken 1.900 urteetan.

Aspaldiko egun batean, aitona eta biok inguruan paseatzen ari ginela, zubiaren aurrean elkarrekin argazki bat ateratzeko proposatu nion. Berak, ordea, zubiaren ordez nahiago zuen gure atzean zegoen beste monumentu bat ager zedin argazkian: Alcantarako presa hidroelektrikoa, metro batzuk harago harana zatitzen duen hormigoi puska trauskil hura. Baina, jakina, aitonak haren eraikuntzan parte hartu zuen aspaldi, eta nolabait harro dago bere lanaren fruituaz, inguruko paisaiaren estetika milaka urteko zubiak bezainbeste definitu duen ingeniaritza obra moderno hartaz.

Nire aldetik, ez dut presa biziki gorroto, baina ez nioke inola ere zubi ikusgarriaren gainetik lehentasunik emango argazki bat ateratzeko orduan. Horrez gain, ezin dut burutik kendu presaren eraikuntzak aldaketa sakonak ekarri zizkiola eskualdeari, ez bereziki atseginak: ordura arte jornalari bakarrik ibilitako askok obra hartan bizitzako lehen soldata mardula jaso zuten, handik gutxira urrun-urrunera emigratzeko grina hauspotuko ziena. Zubia bertako hazkundearen suspergarri izan zen antzinaroan —erromako kolonizatzaileena izan bazen ere—; makroproiektu modernoa, aldiz, eskualdeko biztanleria amiltzen lagundu zuen faktoreetako bat da —ibarreko ikuspegia zatartzeaz gain—.

Baina, argi dago, egun hartan hori guztia irentsi eta, aitonak bere lanaren emaitzarekin erretratua nahi bazuen, ba eduki egingo zuen. Ez nintzen ni izango analisi sozioekonomiko merkeez ilusioa kakaztuko zion listopasatua. Eta, hala, orduz geroztik hantxe daukat presaren argazkia, mahai gainean beilari, kontraesanen ikur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.