Aurelia Arkotxa.
EUSKARAREN NORMALIZAZIOA. NORANTZ EGIN? BIDEBERRITZEN

Kordelia ez bezala

2016ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Egia derradan, normalizazio hitza ez dut ongi ulertzen zer den egiazki. Baina ausartu naiz gogoeta egitera. Mutu gelditzea zen alternatiba bestela. Mutu. BERRIAko lagunek euskaraz didatelarik egin galde, euskarari buruz, berek osoki euskaraz zabaltzen dutelarik dugun egunkari bakarra (hain historia garratzekoa...)... Ez, ez zen manera mutu egotea.

Gainera, Freudek Shakespeareren Veneziako Merkataria analizatzean aski gardenki digu erakusten mutu dagoen Kordeliaren atzean Herio dela gordetzen (Hiru kutxen froga-n). Herio delako beti mutu dagoena.

Zer ote da ba euskararen normalizazioa? Wikipediara jotzen badugu euskararen normalizazioa «euskararen berreskuratze eta erabilera sustatzeko politiken multzoa da». Beraz definizio horren arabera, galbidean dagoen hizkuntza batek «gutxitua izatetik normaltasunez erabilia eta transmititua» izatea lortzen badu, «normalizatzen» da. Ondotik, Wikipediak EAEko 1979ko Estatutua aipatzen du azalduz euskara «ofizial moduan, gaztelaniarekin batera, jasotzea euskararen normalizaziorako lehengo mugarri garrantzitsutzat» hartu behar dela. Gero, EAEko Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea, eta Nafarroa (Garai)-ko Vascuenceren Legea (1986) aipatu ondoan, dio iturri berdinak bemol argi bat sartuz, lege horien ondorioz «batzuetan euskararen aldeko politika sendo bat sustatu» dela «baina beste kasu batzuetan euskara kinka larrian» atxiki dela.

Azken aipamen horrek aditzera ematen du EAEn euskararen hizkuntza-borrokak jarraikitzen duela. Eta nahiz azken hamarkadetan aldakuntza baiezkoak izan diren euskararen egoeran, oraindik ez dela «normalizatua» gaur euskararen egoera. Hor dira funtsean hedabideetan agertzen diren berriak eta gizarte-ekintzak ohartzeko arazoak badirela hizkuntzaren normalizazioan, eta ez arinak. Dela Bilboko egoeran Lutxo Egiak lau astez bizitzen duen desafioa («hizkuntza hegemonikoa ahaztuta biziko naiz hilabete batez»), edo direla PSE-EEk administrazioan euskarak behar duen lekuaz zabaltzen duen bideoa, eta LABek 2016ko irailaren 13an erantzuten duena («XXI. mendean euskaraz lan eta bizi nahi duten herritarrak (baita langileak ere) bigarren mailako herritar gisa tratatuak gara»), adibideak han eta hemen ez dira eskas.

Eta zer erranik ez Nafarroa Garaian 2016ko maiatzaren 18an, hango sindikalgintzak eta hango euskalgintzak egin manifestazioan azaldu diren arrangura larriez. Aldarrikatu dute euskararen «normalizazioa» eskasegia zela haien lurraldean, oroituz ere «barraren beste aldean» direnetaz. Hango gazteez: euskaraz haziak euskal hezkuntzan baina baztertuak in fine euskara ez delako normalizatu Nafarroa Garaiko geografia osoan. Hots, euskarari ez zaizkiolako eremu berriak eskaini («Baina espazio horietan euskarak ez duenez lekurik irabazi, haiei (gazteei) ere lan munduan euskaraz aritzeko aukera ixten zaie»).

Eta Iparraldean zer? CGTkLABen kontra eraman dituen erasoak ikusi dituenak (euskara aipatua izan delarik molde harrigarrian), edo Eneko Bidegainek Enbata astekarian euskararen inguruan idazten ari dituen artikulu kuraiadunak irakurri dituenak (Euskaltzale faltsuak, Euskararen arroila etab) argi dago euskararen inguruan zerbait gertatzen ari dela Iparraldean. Zerbait ez hain ona.

Egia da bitxi sentitu nintzela nihaur ere 2016ko apirilean, Baionan, gizarte zibilekook bildu gintuztelarik HELEP zer izanen zen esplikatzeko.Zerbait bazen eskas.

Eta, momentu batean, azken lerroan, enegandik hurbil, zegoen emazte batek euskaraz egin zuelarik bere galdera, lehendabiziko lerroetan zegoen emazte batek ukan zuen tupeta, edo kopeta, goraki botatzeko atzera itzuliz gorputza gainera: «en français!» Euskara zen han eskas zena .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.