Julen Azcona
EGUZKI EPELEAN

Kristalezko belaunaldia

2023ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
1960ko eta 1980ko hamarkaden artean, telebistaren izkina batean bi erronbo agertzen zirenean, helduentzat zuzendutako edukiak emititzear zeudela esan nahi zuen. Umeentzat zentsura mota bat zen, 18 urte baino gehiago izatea nahikoa zela uste baitzen edozein eduki mota digeritzeko. Aldi berean, bi erronboek tabuz eta estigmaz beteriko karga zeramaten, sexuarekin erlazionatuta: sexua, betidanik, haurrengandik urrun egon behar den edukia kontsideratu da. Biolentziak, aldiz, ez du izan pertzepzio bera. Lehenago gogoratzen dut telebistan ikusitako lehenengo krimen bortitza, lehenengo txorta baino.

Egun, bi erronboak zaharkituak geratu dira. Telebista ez da duela hogei urte bezain boteretsua. Sare sozialak existitzen dira, eta bertan pasatzen ditugu orduak. Interneten, badirudi ez dagoela inongo zentsurarik: klik batekin edozein gauza ikus dezakegu: penetrazio bat, lepo-mozte bat. Gehiegizko askatasunaren pertzepzio honen aurrean, amerikarrek trigger warning izeneko kontzeptua asmatu dute: eduki-oharra. Horren bidez, sareetan abisua ematen da eduki bat partekatzen denean, eta ez bakarrik sexuarekin zerikusia daukanean: biolentzia, droga (tabakoa eta alkohola ere bai), hizkuntza iraingarria, animaliei tratu txarra, arrazakeria, LGTBIfobia, autolesioak, eta abar.

Trigger-warning-aren berezitasuna da ez dagoela, antzinako erronboak bezala, umeei zuzendua, baizik eta guri, helduei. Kristalezko belaunaldiaren eta zuzentasun politikoaren sintoma al da? Ala garai hiperkonektatu honen ondorio naturala? Mundu osoan gertatzen ari den guztia ikus dezakegu etengabe, zuzenean. Facebook. Twitter. Instagram. TikTok. Eduki-oharra enpatiaren aldeko mugimendu bat izan daiteke. Hauskorrak garela onartzearen aldekoa, ez soilik haurtzaroan. Gehiegizko esposizioa sufritzen dugun mundu honetan, badirudi jada ez gaudela, lehen bezala, mila gauza ikusteko gose. Alderantziz: gure artean funsgabeko indarkeriarengatik babesteko grina dugu, eta ez dugu jadanik kontsideratzen heldua izatea edozein gauza ikusteko gai izatea esan nahi duela. Onartu dugu, nolabait, ez dugula zergatik irudi bortitz bat ikusi nahi, aldez aurretik baimena eman ez badugu. Kristalezko belaunaldia baino gehiago, elkarren arteko arreta izateko aukera dugu. Azken finean, funtsean ez diogu inoiz ume izateari uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.