Handik eta hemendik

Lagun berriak

Imanol murua
2011ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Batasuna legez kanporatua izateko zorian zegoenean, iragarpen etsigarria egin zuen Iñigo Iruinek Egunkaria-ren bizialdiaren azken hilabetean argitaratutako elkarrizketan. 2003ko urtarrilaren 26a zen. «Hamarkada honetan ezker abertzalea klandestinitatean ikusten dut». Handik bi hilabetera, Batasuna legez kanporatu egin zuten.

Orain badakigu erabaki hark zer ondorio izan dituen, baina orduan, ez. Ezker abertzaleak nola erantzungo zuen ez zen jakina, eta sor zikezkeen ekimen berriei Estatuak nola erantzungo zien ere ez. «Etorkizuneko ezker abertzalea legez kanporatzeko ere bada Alderdien Legea», ohartarazi zuen abokatuak. Hala izan da. Epearekin ere asmatu zuen: ia hamarkada osoa joan da. Baina, ñabardura: ez du klandestinitatean jardun. Joko politikoan irauteko ahalegina egin du, eta iraun du: erakunde gehienetatik kanpo egon arren herri honen zati garrantzitsu baten ordezkaritza duela erakusten asmatu du. Ezin ukatu, baina, legez kanporatzeak eta, orain gutxi arte, ETAren jardun armatua bukatzen asmatu ezinak ahuldu egin duela mugimendua; Loiolako prozesuaren porrotak ataka ezin zailagoan jarri zuela; eta, bi faktore horiei erremedioa jarri ezean, etorkizun iluna sumatzen zitzaiola. Baina, azkenean, zezenari adarretatik heldu zioten.

Iruinek iragarritako hamarkada bukatzeko bidean da. Ez da bukatu: Sortu legez kanpo da (Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain), eta ezker abertzaleko militante gehienak ezin izan dira hautagai izan, kutsatuen zerrenda beltzetan daudelako. Baina, aspaldiko partez, aukera guztiek izango dute lekua bozetan. Lehiatzeko garaia da orain. ETAren indarkeriarik gabeko aroan nork zer leku duen erakusteko unea, ahalik eta ordezkaritza handienarekin bultzatu edo baldintzatu ahal izateko estrategia berriak.

Mapa politiko berria marraztu ahal izateko baldintzak sortzen ari baitira. Abertzaleen arteko elkarlanerako eragozpen nagusia, ETAren indarkeria, iragana bide da. Bildun bildu direnek deskubritu dute orain gutxi arte ikusi ere ezin egin zituztenak aliatu izan ditzaketela. Han egon gabe ere, susma daiteke Carlos Garaikotxearen jarraitzaile berri asko izan dela Zarautzen lehendakari ohiaren hitzei adi; eta Garaikoetxearen betiko jarraitzaileak konturatzen hasiak direla ezker abertzalekoek ez dutela isatsik ez adarrik. Independentziaren aldeko indar metaketak, eraginkorra izango bada, deskubrimendu gehiago egitea eskatuko du.

Munduaren beste punta honetatik ere sumatzen da legez kanporatzearen hamarkada tamalgarria baino zerbait gehiago bukatu dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.