andoni egana
Plazatik

Lanbroa

2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Lamiei buruzko kontuak ugariak dira Euskal Herri zabalean. Horietako batek azaltzen du zubi bat badela Ligin, Lexarantzükoa, berezia oso. Lamiek egina omen da. Zubi bat behar zela ibaia zeharkatzeko eta inork eraikitzen ez zuenez lamiek hartu zuten lana euren gain. Baina gauez baino ez zitezkeen aritu, ez baitziren inork ikus zitzan zaleak. Hasi omen ziren zubia egiten gaua heltzean. Inguruko etxe batean bizi zen herriko okina. Eta okinak bazuen oilar gazte bat, eskarmentu handirik gabea, gauerdia igaro eta berehala okinak labea piztearekin, egunsentia zela pentsatu eta kukurrukuka hasi zena. Halako zaratak entzunda, lamiak ikaratu egin ziren eta zubia bukatzeko falta zituzten harriak norabait bota eta gordelekuetara jo zuten, zubi berezia, guztiz amaitugabea, utziz.

Ez dakit niri ere loturak egiteko gaitasuna ez didan urritu hedabideetan ikusiko zenuten makina horretan sartu izanak. Joandako asteari astindu bat ematen hasi eta lanbrotsu sumatzen dut burmuina, aia pinportatsu, neuronak elkarrekin toparazi eta ondorioak ateratzeko zailtasunak banitu bezala… Mundua konplikatu dute asko edo neroni naiz uste baino xinpleagoa. Ez baita zalantza soilik errealitateak sortzen didana, zalantzaurreko behar lukeen ulermena bera ere gaitz gertatzen zaidanean. Eta lanbroak ezkutatzen dituen bazterrak maitagarri zaizkit niri ere, edonolako eta edonongoak, baldin eta nire baitakoak ez badira.

Garzonena eta Contadorrena, esate baterako. Ordu gutxiren tartearekin iritsi dira biei buruzko epaiak. Oraindik ematen dit buruak maila desberdinetako aferak direla konturatzeko adina. Hortik aurrera… lanbroa. Ez dakit Contadorrek badakien hartu zuen edo hartu ez zuen edo zer hartu zuen eta zer ez. Ez dakit Garzon zergatik zigortu duten Gurtell auzia dela medio, nik neure begiz, lekuko adintsu bat bere gurasoak gerra zibil garaian non eta nola erail zituzten deklaratzen ikusi nuenean. Ez dakit Contador on-ona delako — eta madrildarra— defendatu duten hainbeste zenbaitek eta Beloki, Osa anaiak, Dabid Etxebarria eta enparauak hain on onak eta hain hangoak ez zirelako ahazturarik gorrienak irents zitzan utzi zuten. Ez dakit Garzon gaiztoa gaiztoa den noizbehinka txintxoa dena edo txintxoa batzuetan gaizto gaiztoa izandakoa. Ez dakit hego-haizeak, ego-haizeak eta ero-haizeak non egiten duten bat. Lanbroa ari du nonbait…

Herenegun Legebiltzarrean indargabetu zuten Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntz eskubideei buruzko dekretuari buruz badut ideia argi bat: atzerapauso handia da. Hortik aurrera… lanbroa. Esanguratsua baita — nire axola eza ere izan daiteke— dekretu bat bazela indargabetu dutenean ohartzea. Eta ez jakitea benetan zigorrik ezartzen zen edo ez. Eta xelebrea begintatzen zait irudikatzea salatari izan nahi zuena, salatari izateko eskubidea zuena eta orain ez duena, hanka pauso luzeak eginez, dendaren luze-laburrera salaketa jartzeko aski zen edo ez neurtu nahian.

Sartagudan, berriz, joan zen igandean ez zen elurrik ez lanbrorik. Haizea eta hotza ere neurrikoak. Ibaialde du gainera izena ikastolak, eta xalo bildu zen gu bezalako jendea, premian zegoen ikastola bati laguntza ematera. Hortik aurrera… lanbroa. Nafarroako Ikastolen Elkarteak ez dakit zer-nolako jarrera hartu duela, Euskal Herrikoak ez dakit zer… Eta Felix Ibargutxik DVra eramandako Jokin Muñozen iritzia, erruaren zati bat gurea ere badela adieraziz, inguru haiek «ikurriñazoka» kolonizatzen ahalegindu izan garela maixko-eta. Ez dakit ba… Nik han Sartugudakoen soldadulagun gipuzkoarrak ezagutu nituen, soldaduzkatik lagun direnak, alegia; behin bodegaren batera erdi galduta azaldu eta urte luzeetarako adiskideak topatu zituztenak; oporretan joaten direnak edo bigarren etxea bertan hartutakoak… Baina lanbroan lanbro, sakonera handiagoko galdera bat luzatzeko aukera ematen dit, erantzun bihurria baino aurkitzen ez diodana: Lurraldetasuna? Autodeterminazio eskubidea? Biak? Aldi berean? Posible al da?

Trumilka datozkigu berriak eta berri ertzekikoak dira. Ez naiz bakarra izango bere baitan lamia-zubiz —nonbaiten hasi bai, baina beste alderaino iristen ez direnak— josia dagoela sentitzen duena. Ezin du izan makinaren deabrukeria bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.