Hedoi Etxarte
LARREPETIT

514 zentsore analfabeto

2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Gaztaroko pasadizo bat gogorarazi didate asteon Fernando Aramburu, Felix de Azua, Carlos Martinez Gorriaran eta Fernando Savaterrekin batera Zinemaldian Josu Ternera-ri buruzko dokumentala proiektatzearen kontrako eskakizuna egin duten 510 lagunek.

Berlinen ikasi nuen urtean Frantziako gizarteari buruzko kultura orokorreko ikasgai bat egin nuen. 1990etatik 2006rako gertakari sozial eta mediatikoak aztertuz Frantziako gatazkak eta eztabaida ulertzea zen kontua. Gai bat hautatu eta aurkezpen bat prestatu behar genuen. Nik, nire antifaxismo banaletik, Frantziako eskuin mutur garaikidearen gaia hautatu nuen. Fronte Nazionalaren webgunera jo nuen eta orduak eta orduak eman nituen entzuten. Deabrua omen zen Jean-Marie Le Pen eta bere taldea, baina ni, ordura arte espero ere ez nituenak ikusten hasi nintzen. Ez nintzen gizaki horien posizio politikoetara gerturatu. Ez. Baina argi nuen ere, ordura arte hedabide nagusien bidez jasotako bertsioak ez zuela bat egiten, protagonistak entzunda, ni osatzen ari nintzen iritziarekin.

Horregatik da haluzinagarria ikusi ere ez duten dokumental bat debekatzeko eskaria. Niri aspergarria iruditzen zait Jordi Evole, kezkatuegia dago entretenitzen eta gaiak axaletik lantzen ditu; gainera, Espainiako kazetaritzaren basamortuan telebista onaren pedigria ematen diote progreek. Baina zertara dator atsegin ez dugunaren debekua eskatzea? Niri ez zait interesatzen Mozarten 20. piano kontzertua, baina saiatuko naiz 2024ko apirilean Euskadiko Orkestrarekin Markus Schirmerrek egingo dituen kontzertuetako batera joaten.

Aldean, puskaz liberalagoak ziren Gabriel Arestiren Euskal Harria-k izan zituen bi zentsoreak: liburua irakurri zuten, eta beren antagonismotik, sakon ulertu («Llega a la glorificación de separatistas [...] el autor se muestra tan propenso a la simpatía por causas comunistas nacionales»).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.