Gure identitatea osatzen duten alderdiak ez dira guk aukeratuak. Ni, adibidez, abertzale eta feminista naiz, nahi gabe. Gustatuko litzaidake abertzale ez izatea; ezin. Feminismoarekin, berdin. Biak dira oso termino gastatuak, zikinduak, urratuak. Nahiago nuke nire identitatearen parte ez balira.
Euskal Herrian abertzale zarela esatea, tira. Gizartearen erdia edo omen gara abertzale. Euskal Herritik kanpo, ordea, azaldu egin behar da, justifikatu egin behar izaten da abertzaletasuna. Nik beti bukatzen dut esaten, abertzale izateko beharrik gabe ez ginatekeela abertzale izango. Menpekotasun ez-desiratu baten erantzun moduan ulertu dezaten. Herri gisa askatasunez erabakitzen eta izaten uzten ez digun sistema baten testuinguruan baikara euskaldunok abertzale. Demokrazia defizita bizi dugu eta gure erantzukizuna da horri aurre egitea.
Gogoz kontra naiz feminista ere. Susmo txarrak pizten ditu hitz demontre horrek. Baina nola ez izan feminista oraindik ere oso sexista den gizartean? Aktibismorako joerarik gabe, genero-berdintasunaren defizitaren bistan, aurpegia ematea baino ez zait geratzen. Egunerokotasunean, bikote harremanean, lagun artean, lan esparruan.
Bururatzen zait, horrenbestetan eztabaidagai izaten den buruko zapiaren aferan ere, ez direla gutxi izango, kolektibo baztertu bateko partaide sentitzeagatik zapia janzten duten emakumeak. Norbere identitatearen defentsa xehetasun eta ñabardurekin egiten da sarri, sinboloekin, seinaleekin.
Eta bai, esparru politiko edo sozial zabalagoan kokatzen diren norberaren borroka txikiok, nekezak izan ohi dira. Hala, lantzean behin, beste batzuekin bilduta jarrera bat defendatzeko edo adierazpen bat egiteko ekimena antolatzen da. Bildutakoek, ordea, ezin dute premisatzat izan beren buruak isolatzea. Kontrara, integratzailea izan behar du oinarrian. Besteen laguntza behar baitugu, gu geu izateko.
Larrepetit
Abertzale eta feminista?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu