LARREPETIT

Absentzia

Garazi Goia.
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Eserita dago, eta noizbehinka zerbait esaten du. Galderak dira beti. Oinarrizko galderak eguraldiari buruz, telebistan esan berri duten albiste bati buruz, bere emaztea sukaldean prestatzen ari den jakiei buruz edo lurrean eserita dagoen txakurrari buruz. Galdera arruntak, hitz gutxiko esaldi bukatu gabeak. Galderak, beti. Baina oso noizbehinka. Harrigarria egin zitzaidan hura ikustea ezagutu nuenean.Baina zure aita da. Nola etsi duzu hain azkar? Urte askotako bere presentzia isila nola onartu duen galdetu diot berriro. Beste ezer egin ezin denean, absentzia ulertzen ikasi behar da -esan dit. Oroitzapenekin bizitzen ikasi behar da.

Hor dago, sukaldean eserita, baina ez dagoela uste duzu askotan. Hutsa da. Haren hitzek ez daukate indarrik. Haren galderak ez ditu inork erantzuten. Presentziaren absentzia da.

Negarrez harrapatu nuen aurrekoan. Hirugarren aldia izango zen, edo gehienera ere laugarrena.Batean isilean ari zela ikusi nuen, ezkutuan, alde egin nahian. Beste aldietan, nire aurrean,inpotentziak eraginda egin zuen, baina malkorik gabe.

Atera barruan duzuna, badakit gogorra dela aita horrela ikustea. Gainera, okerrena da buruko gaixotasuna denborarekin ez dela hobera joango.

Ni ez nago prestatuta absentzia ulertzeko. Miresgarria da nola egiten duzun. Atera malkoak.

Zure aita leiho ondoan dago argazkian, kanpora begira. Elurra ari du eta leihoko kristala lurrinduta dago. Argazkian ez dago presentziarik. Sorbaldak bilduta ditu, hotzak egongo da ziurrenik.Argazkian isilik dago, nik sukaldean lehenengo aldiz ikusi nuenean bezala.

Egunsentiaren esku izoztuak liburuaberrirakurri dut.Zenbat indar dagoenhitz horietan. Absentziaren hausnarketa sakona egin zuen Xabier Letek bertako poesia askoetan. Eta, liburuko orri batzuk irakurri ostean gogoratu naiz berriro zure aitaz. Baina absentzia ezberdinaz ari zen Lete. Absentziaren presentziaz ari zen.Eta hori da, hain zuzen,Letek utziko duena gure artean, betirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.