Blanca Urgell

Aduna

2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Hauteskundeei dagokienez, margaritari hostoak kentzen nabil ni. Diotenez, onena beste zerbaitetan pentsatzea da, eta bestetan pentsatzearen zelai zabalean Donemiliagako Kartulario Galikanora (c. 1195) heldu naiz behin berriz, zehazki Beila Ihakentiz de Adunna jaunarengana. XII. mendean Errioxan-edo bizi zen adunarra edo adunarren semea, oker ez banago.

Ez dut akorduan Adunan egon izana, mapan non zehazki kokatu ez, baina non ez kokatu erabakitzekotan behintzat ideia garbi asko izan arren. Bidenabar, Aduna beretzeko Tolosak eta Donostiak izan zituzten tirabiren berri izan dut.

Deitura usua ere bada. Iago Irixoaren Pasaiari buruzko liburuan (2009) Martin de Aduna ageri da, besteak beste, 1555 eta 1589 artean Filipe II.a Espainiako erregearen zerbitzuan hildako bertako gizonen zerrenda luzean (arraioa! bazenekiten?), bera Flandesen hila herrikide asko bezala, Osana de Peirutun alarguna eta bi seme-alaba utzirik.

Beste bi Martin de Aduna erraz aurkitzen dira, bata 1590ean Arantzazuko monasterioaren zaindari, eta bestea armadako kapitain Filipinetan: Manilan erroldatua dugu 1634an, ezkondua eta bederatzi urteko semearekin; bost urte geroago, ostera, gobernadoreak txinatar komunitatearen matxinadari aurre egitera bidalia 80 zaldizkorekin, amildegian behera jausi eta hila.

Orotarikoak aduna dakar Larramendiren hiztegitik. Jakina da hamaika herri izen analizatu eta hiztegiko hitzak bailiran eman zituela: baliteke hau ere halakoa izatea. Adierak adiera («trigo nuevo» nolatan?), postura egin nezake On Manuelek adun pentsatu zukeela, -a artikuluaz. Horixe bera adierazten bide du Galikanoko Adunna-k, nn bikoitz horregatik.

Eta auskalo, bada, zer den adun. Baina polita bai, gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.