Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Agiriak eta jakintza

2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Jane Jacobs 2006an hilko zen, eta aurreko urtean eskaini zion bere azken elkarrizketa Robin Philpot-i. Albany karrikako bere etxean egin zion elkarrizketa, Torontoko The Annex auzoan. Bi orduko solasaldia izan zen, tartean 45 minutuko atsedena hartu zuten, aldakako minei aurre egiteko fisioterapia saioa zuelako. Hogeita bost urte lehenago zuen argitaratu The Question of Separatism: Quebec and the Struggle Over Sovereignty baina, antza, interes gutxi sortu zuen liburu hark. Bistan da Jacobs arkitekturaren aferak egin zuela ezagun, ez bestelako politikak, eta, McCarthismoaren garaian antikomunista izan bazen ere, XIX. mendetik komunistek izan zituzten hiriei lotutako auzi askori erantzun bera emango zien: aurrena jendea.

Philpoten elkarrizketaren gehiena Quebeceko subiranotasunaren aldeko aldarriaren tolesturei buruzkoa zen: ikuspegi demokratiko batetik, historikotik, ekonomikotik. Baina, une batean, Philpotek galdetu zion egindako ikasketei buruz. Bitxia da Mendebaldeko XX. mendeko hirien azterketari buruzko ahots nagusiak aitortzea ikasketa gutxi egin zituela: «Institutua amaitutakoan, Scrantonen, Pennsylvanian, ez nuen ikasten jarraitu nahi. Ikasteaz nazkatu nintzen eta gero eta gehiago matxinatzen nintzen kontra. Gurasoek esan zidaten ez nuela zertan unibertsitatera joan. Esan zidaten aurreztu zutela joan nahi banu joateko, baina ez zuela zertan hala izan; uste dut oso ongi egon zela. Bost urtez lanean aritu ostean, idazkari gisa lan egin ahal izan nuen banekielako makinaz idazten teklei begiratu gabe».

Philpotek nabarmendu zion: «Beraz autodidakta izan da zure formazioa? Zure teoria guztiak eta liburuak, bakarrik egin dituzu?». Jacobsek erantzun zion: «Eta beste pertsonen laguntzarekin». Idatzi zuen azken liburuetako batean, Jacobsek zioen agiriak lortzeko sistema formazioaren antonimoa dela, jendeak ez duelako jakin-mina lantzen, eta, horregatik, ez dela ideia berririk sortzen. Jacobsek aitortu zuen «gai horri buruz gero eta erradikalagoa» zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.