Larrepetit

Ahaztuta

2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Tindufeko kanpamenduetan lanean dagoen lagun baten mezuaren bitartez jakin dut Mohamed Hallab gaztearen gose grebaz. Googlen bilaketa egin eta egiaztatu dut hedabide batek ere ez duela haren berri ematen. 2003an Argeleko kanpamenduetara ihes egin zuenetik familia ikusi gabe dagoen gazte hark martxoaren 7an hasi zuen protesta, errefuxiatuez arduratzen den Nazio Batuen organismoak Sahara okupatura antolatutako bisita bertan behera utzi behar izan zuenean, Marokok (bigarrenez) eskubide hori ukatu diolako. Konfiantza eta segurtasuna sortzeko neurrien programan parte hartzeko tramite guztiak beteak zituen, eta, harresiaren beste aldean, Aaiun okupatuan, familiak harrera festa prestatua zuen.

Ekialdeko Sahara banatzen duen hareazko harresiak, haizeak atergabe bortizki astintzen duen ezerezean eraikiak, duna itxura dauka. Baina 2.500 km-ko luzeran, zaintza militarra iraunkorra da; 60 km-tara mugimendu oro detektatzen duen radar sistema batekin eta munduko luzeena izan litekeen minaz jositako eremuarekin.

Aurtengo Berlinalen, Territoire Perdu filmak harresiaren alde bateko bizimoduaren testigantza jasotzen zuen: 1975ean Marokok napalmez eraso zitueneko krudelkerien oroitzapena eta, 1991ko su-etenetik esperoan, denbora ere etenda, bizitzak etenda, irtenbide politikorik gabe jarraitzen dutenen unibertso mentala islatzen zuen, atezuan dagoen mehatxua, bakardadeak eta ahanzturak sortutako pentsaera. Isolamendu fisikoan bizitzeaz gain, imajinarioaren isolamenduan ere bizi baita herri sahararra, herri nomada kartzelatua, ia ahaztua hamarkadatako deserrian, haurtzarora itzultzea eragozten dien harresiaren alde batean.

Beste aldean, Mohamed Hallaben familia bizi den zonaldean, protesta zibilen bidez adierazteko arriskua hartu duen belaunaldi saharar berriak ohikoak diren marokoar poliziaren jazarpen eta torturak salatzen ditu. Eta mundua, entzungor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.