Hedoi Etxarte

«Ai!»

2025eko maiatzaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Didi-Hubermani berriki egin dioten elkarrizketa batean azaltzen du irudi bat ikusten dugunean norberaren hautua dela ea harritzen gaituen ala irudiak hartzen gaituen, irudiak bere egiten. Oso afera konplikatua omen da, filosofikoki. Emozionatzen garenean, zerbait urratzen zaigu, errezel bat urratzen denean bezala. Eta gero alde egingo du emozioak. Baina gerta daiteke ere emozioak gu zeharo urratzea, errezel bat bezala urradurak bitan banatzea errezela, azkenerako bi oihal puska desberdin izateraino, bi errezel izateraino. Hala gertatzen denean, emozioa guregandik ere banatzen da eta baita gainontzekoek emozio horrekin izan dezaketen loturatik, erabateko autonomia hartzen du, norberaren bizitzako misioa bilaka daiteke errezel emantzipatua, politikan adibidez, inolako emoziorik sentitu gabeko ekintza lazgarriak egiteraino.

Didi-Hubermanek berak Faits d'affects saileko aurreneko liburuan (Brouillards de peines et de désirs, 2023) jaso zuen «Ai» soinuaren genealogia baten hastapena. Zerbaitek min eta kolpetik «ai!» esaten dugu ala garrasi egin.«Ai!» horrek «minez nago» esan nahi du eta, beraz, «[minaren] gertakizunaren parte da: ez du gertatutakoa kontatzen». Horregatik, sarritan, bizitzan mina eman diguten egoerez pentsatzean ere «aiai» esan dezakegu marmarrean, «aieneka» has gaitezke. Didi-Hubermanek kontatzen du Gershom Scholemek, Bibliako pleinua, arrangura, erritmikaren alderditik aztertu zuela: «Errepikatzen den hizkuntza bat da, haren silabak eta esaldiak amaierarik gabeko mugimendu batean neurtzen dira». Scholemen arabera, «hizkuntza infinitu bat da» aieneena, infinituagoa eta «sakonagoa» da beste inolako hizkuntza bat baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.