Larrepetit

Aitzol Aramaio

2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Unaik, umetako lagun min eta bertsokideak iragarri zidan deia jasoko nuela. Zenbaki ezezagunei ez hartzeko ohituran salbuespen txiki bat egin eta botoi berdeari sakatu nion. Ilusioa zen, euskaldunik berrienak ere ulertzeko moduko Ondarroako euskaraz eta proposamenak bidai desiragarri egiten zituen ahots gozoz lagunduta.

Ahotsa begietako distira bihurtu zen, barrua betetzen digun zerbait garatzen gabiltzanean mundua koloreztatzen duen argi. Eskua estutu nion eta bizitzaren ilunabarrean ostentzen den bizinahiaz, ezinezko lekuetara doazen tranbia zaharrez eta bizipoza norbere barruan aurkitzeko gaitasunaz mintzatu ginen gure etxea erakusten nion bitartean. Beti zin egin diot nire buruari gure etxeko atea zabalik izango dela beharrezko duen bihotz oneko edozeinentzat. Ordura arte, ostera, klausula horrek ez zituen film grabaketak barnebiltzen. Baina gure sueteko leihoa Aitzolez maitemindu zen. Eta ez dago maitale bi banatzea baino miseria handiagorik. Etxea behar zuen hilabetean ni Mexikon izango nintzen. Gainera, kontatuko zuen istorioa Unairena zen.

Ama ohi baino goibelago aurkitu nuen astelehenean. Etxeko argirik pizteko indarrik ere ez daukan egun horietako batean murgilduta. Aitzol hil da esan zidan burumakur. Ez nuen zalantza izpirik izan, banekien ama zein Aitzolez ari zen. Uda hartan gure amak ez zuen grabaketa egunik galdu. Gure etxeko giltzen ardura izateak filmaren parte aktibo bihurtu zuen. Eta ni jaio arte bere bizibidea zen antzerkia utzi zuenetik igaro duen udarik zoriontsuena izan zelakoan nago. Orduko bere penarik handiena gure amama kamara geldoan hiltzen ari zen Alzheimerra zen. Eta drama horren zulotik sortutako Un poco de chocolatebizitzeak sekulako indarra eman zion.

Amak Aitzolen filmaren DVDa zeukan eskuen artean. Ilusioaren distirak mundua nola ikusten duen gogoratuko diguna, nahi dugun aldiro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.