nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Amaraunean pozik, baina preso

2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aretora bidean, eskua eskuarekin jo eta fase aldaketa ospatu du bikotekidearekin.Lehen aldiz, hiru haurrak etxean bakarrik utzi eta elkarrekin atera dira biak zerbait ikustera. Lehen aldiz duela 13 urte ama izan zenetik, egin ditu kontuak; eta pausoa arindu du, juxtu atera baitira etxetik, umeak ahalik eta denbora gutxien bakarrik uzteko.

Pozik, Amaraun dioen kartelaren ondotik zeharkatu du atea; amatasunari buruzko Oihana Iguaranen eta Amaiur Luluagaren emanaldiak estreinatuko du bikotearen fase berria. Oihana ahots solemnez hasi da kantatzen ama izaten zaren unetik zure inguruan sortzen den, edo eraikitzen duzun edo eraikiarazten dizuten amaraunaren dimentsioari buruz. Amaraunetik askatzen hasia denaren ustea duen emakumeari, pasatutakoak, egindakoak, bere buruaren gainetik pasatuta egindakoak eta egin gabe utzitakoak biziberritu zaizkio bat-batean. Nola egin aurre amatasunak dakarrenari?

Dantzaz eta bertsoz, erditze bat antzezten hasi dira oholtza gainean; hain dira errealak dantzariaren mugimenduak, hain berunezkoak hitzak. Halako hiru gorpuztu zituen berak; ez da berriz pasatuko. Arindua eta nostalgia. Irribarrea eta malkoa. Dantzariak umea esnatu gabe ohetik altxatzeko peripeziak gorpuztu dituenean, barre egin du. Gaua 15 minutuko 32 loaldi ziren garaian ez zuen barrerik egiten, orduan bizirautea zuen helburu bakar. Zein dira erditzen diren gorputzen beharrak?

Bikotekidea du alboan, hor egon da hasiera-hasieratik, baina, hala ere, gehiago eman du berak, lotuago egon da. Joko-arauak ez dira berdinak denentzat, zilbor hesteak ez dira desagertzen erditzearen ondoren mozten dituztenean. Daude. Eta egongo dira. Eta egon daitezen bultzatuko du sistemak. Ama izan ez denak ez daki zer den ama izatea. Bularra eman ez duenak ez daki zer den bularra ematea. Irudikatu dezakeela irudituko zaio agian, baina ez da errealitatera gerturatu ere egingo. Ederrak bezain gogorrak izan dira urte hauek, eta oso ederrak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.